Etxarri Aranazko Udalak energia eraginkortasuna hobetzeko bi lan eman dizkio Aldakin enpresari. Langileak astelehenean hasi ziren lanean eta apirilera bitartean Etxarri Aranatzen lanean izanen dira. Bi egiteko izanen dituzte. Alde batetik, argiteria publikoko koadroekin. Gaur egun halako sei koadro daude udaletxean, hiltegi zaharrean, kioskoan, Malkorramendin, Arluzepen eta Bureinan. Haien azterketak agerian utzi zuen udaletxeko, Arluzepeko, eta Bureinako koadroak eta euren banaketa-sistema oso zaharkituta zeudela eta berritu, hobetu, sinplifikatu eta automatizatu behar zirela. Eta hala eginen da. Bestetik, Arluzepeko eta Bureinako koadroak bateratu eginen dira, argiteriaren kudeaketa sinplifikatzeko eta eraginkorragoa izateko.
Horrekin batera, langileek faroletan dauden eraginkortasun gutxiko bonbillak LED argiengatik ordezkatuko dituzte. Zehazki berrituko diren koadroei lotuta dauden kaleei eman zaie lehentasuna: udaletxe ingurukoak, Aritzetabide inguruko kaleak, Zugarreta eta Bureina inguruko kale guztiak, eta Andra Mari baseliza ingurukoak. Lanak hegoaldetik iparraldera eginen dira. Eneka Maiz Ulaiar alkateak jakinarazi duenez, “kale eta eremu batzuk argiz indartuko dira, ilun antza daudelako”. Maizek gogorarazi du, legegintzaldi honetan dagoeneko Aldapasoron, Kale Nagusian, Santa Kitz eta San Kiriko kaleetan neurri horiek hartu direla. “Berritu gabe geratuko diren kaleak hurrengo inbertsioetan aurreikusi beharko dira”.
Alkateak azaldu duenez, “aurreikusten da energia kontsumoan aurrezteaz aparte, argitasunean ere asko irabaziko dela”. Maizek aurreratu duenez, “egindako inbertsioa 5 urtean berreskuratuko dela aurreikusten da, inbertsioak % 65eko energia-aurrezpena ekarriko baitu”. Alkateak gogorarazi du “argindarraren prezioak izugarri egin duela gora azken urteotan (%50), eta udala ahalegin berezia egiten ari dela aurrezpen energetikoan hobetzeko, aurreztutakoa beste behar batzuetan inbertitzeko”.
Astelehenean hasitako lanen truke udalak 232.985 euro (BEZ kanpo) ordainduko dizkio enpresari. Horri proiektuaren erredakzio eta obraren zuzendaritza kostua gehitu behar zaio, 13.028,92 euro (BEZ kanpo). Udalak inbertsioaren % 40 pagatuko du eta Nafarroako Gobernuak % 60.
Energia eraginkortasunerantz
Etxarri Aranazko Udalak energia kontsumoaren inguruan bestelako neurriak ere hartu ditu. Sakanako Garapen Agentziaren bidez Energia Eraginkortasun Memoria egin zen. Han jasotako neurri zehatzetako bat izan zen San Donato eskola publikoan Energia Eraginkortasun Diagnosi propioa egitea.
Udalak, bestalde, aurten Euskal Herriari frontoiko fokuak aldatuko ditu. Pilotalekuko argiteria zaharra da, argindar kontsumo handikoa, foku batzuk hondatuta daude eta partidetarako nahikoa argirik ez da izaten. Partidarik ez dagoenean fokuak jarri behar ez izateko, kontsumo baxuko hiru girotze-argi jarriko dira. Gobernuak inbertsioaren erdia pagatuko du. Gainera, jubilatuen elkarteko kontsumoa jaisteko ere plan bateratuan egin da Gure Ametsa Jubilatuen Elkartearen eta Udalaren arteko elkarlanean; batez ere berogailuaren kontsumoari dagokionez.
Alkateak jakinarazi duenez, udala Adelfas Energia enpresarekin kontratatu du gasa eta urteroko fakturan 3.152 euro inguru aurreztea aurreikusten da. “Udal eraikinetan berogailuetan gas kontsumoa handia denez, azterketa bat egin zen eta udal eraikin batean biomasa bidezko berogailua jartzeko ikerketak ere aurrera doaz, aukera guztiak aztertuz eta baloratuz”. Aldi berean, kanpineko argindar eta gasolio kontsumoak aztertu dituzte udalak eta Eseki enpresak. “Autokontsumoan oinarritutako mikro-sare bat jartzeko aukera aztertzen ari gara”. Maizek gogorarazi duenez, “udala Goiner kooperatibako kide egin da. Hark energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa bultzatzen du, eta energia garbiaren eta autokontsumoaren alde lan egiten du”.
Datuak
Udalaren urteko argindar faktura 70.000 euro inguru.
Argiteria publikoaren urteroko faktura 40.000 euro inguru.
Udal eraikinen* urteroko faktura 30.000 euro inguru.
*Kultur etxea, jubilatuen egoitza, San Donato eskola, udaletxea, futbol zelaia, pilotalekua, liburutegia, musika eskola, Danbolintxulo haurtzaindegia eta udal pabiloiak.