Hainbat etxarriarren parte-hartzearekin Orain Jon Gurutz, gaixo dauden presoak etxera dinamika aurkeztu zuten asteartean. Azaldu zutenez, “patologia larriak dituen eta adin nagusikoa den Jon Gurutz Maiza Artolaren askatasuna eskatzeko dinamika” eratu dute. Dinamika horrek “presoaren egoeraren berri eman eta herriko eragile eta norbanakoak dinamika honen inguruan aktibatzea ditu helburu”. Gaineratu zutenez, “aldarrikapena garbia da: konponbidean urratsak emateak euskal presoen korapiloa askatzea ekarri behar du eta, bide horretan, gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen etxeratzea ezinbestekoa da. 21 preso horiek kalean egon behar dute”.
Asteartean zehaztu zutenez, “Pertsona horien osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria besterik ez da”. Gaineratu zutenez, “konponbidean, giza eskubideen errespetuan eta elkarbizitzan urratsak emateko guztiok behar dugu batera bultzatzea”. Horregatik, herritarrei dei egin diete eginen diren ekimenetan parte-hartzera.
Maizaren egoera
68 urte ditu eta “gatazkaren ondorioz” herritik kanpo 41 urte daramatza. Frantzian atxilotu zuten 2007an, ia 12 urte daramatza preso. Frantzian oraindik zigor luzea du betetzeko. Hiru estradizio agindu eta euro-agindu bat ditu bere kontra. Dozena bat urtetan hiru espetxetan izan dute. Gaur egun Lannemezango kartzelan dago, Etxarri Aranaztik 300 km-tara. Jaiki Hadi mediku elkarteak jakinarazi duenez gaitz ugari ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuineko begiaren galera haurtzarotik; diabetesa, dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra.