Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurreko fasea martxan

Guaixe 2019ko mar. 1a, 10:08
Atarrabiako finalaurrekoaon ariko diren bertsolariak. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Igandean, martxoaren 3an, izanen da lehenengo finalaurrekoa, Atarrabiako kultur etxean, 17:30ean. Saats Karasatorre eta Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarrak ariko dira. Datorren asteko larunbatean Etxarri Aranatzen izanen da saioa

Final-laurdenetatik sailkatutako 18 bertsolari ariko dira datozen bi asteburuetan eginen diren finalaurrekoetan. Guztira, hiru finalaurreko jokatuko dira eta zortzi bertsolari pasako dira finalera: saio bakoitzeko irabazlea eta sailkapenaren araberako hurrengo bostak. Saats Karasatorre eta Eneko Lazkoz etxarriarrak etzi, igandean, jokatuko dute finalaurrekoa, Atarrabian. Martxoaren 10ean, larunbatean, Etxarri Aranatzen izanen da saioa.

Saats Karasatorre Tuterako irabazlea izan zen 253,5 puntuekin. Hortaz, Atarrabiarako txartel zuzena lortu zuen. Eneko Lazkoz Lizarrako final-laurdenean bigarren sailkatu zen, eta sailkapen orokorrean ere saio bakoitzeko irabazleen ondorengo bigarren postua lortu zuen. Lehiaketaren oinarriek, bi etxarriarrak lehenengo finalaurrekoan aritzea suertatu dute.

Atarrabian Sarai Robles, Aimar Karrika, Xabi Maia eta Joana Ziganda bertsolariekin ariko dira etxarriarrak. Gainera, Maider Ansa etxarriarra ariko da gai-jartzaile lanetan, eta Joseba Beltza etxarriarra bera ere epaileetako bat izanen da Nerea Bruñorekin, Mikel Beaumontekin eta Joan Abrilekin batera. Etxean jokatzea bezala izanen da. Finalaurrekoa Atarrabiako kultur etxean izanen da, 17:30ean, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Atarrabiako udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.

Finalaurrekoetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalean jokatzeko aukera. Gainerakoak puntuazioaren arabera sailkatuko dira, beraz, finalaurreko fasea amaitu arte ezingo dute jakin finalean ariko diren. Hemezortzi bertsolari pasa dira finalaurrekoetako fasera eta zortzi baino ez dira finalean izanen.

Hurrengo saioa datorren asteko larunbatean, martxoaren 9an, Etxarri Aranatzen izanen da eta martxoaren 10ean Lesakan izanen da finalaurrekoa. Finala martxoaren 23an izanen da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian lor daitezke. Igandeko saiorako sarrerak, gainera, Atarrabiako Karrikaluze Elkartean eskura daitezke ere eta, egunean berta, kultur elkarteko leihatilan saioa aurretik.