Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehenengo finalaurrekoa jokatu zen Atarrabiako kultur etxean atzo, martxoaren 3. Eneko Lazkozek irabazi zuen saioa; hortaz, etxarriarra martxoaren 23an jokatuko den finalera zuzenean sailkatu da. 399 puntu lortu zituen. Saats Karasatorre laugarren sailkatu zen 335 puntuekin.
Atarrabiako finalaurrekoan Aimar Karrika, Saats Karasatorre, Joana Ziganda, Eneko Lazkoz, Sarai Robles eta Xabi Maia aritu ziren. Saio puntugarriaren ostean, Lazkozek irabazi zuen saioa 399 puntuekin. Haren atzetik, Xabi Maia (352,5), Aimar Karrika (349), Saats Karasatorre (335), Sarai Robles (326,5) eta Joana Ziganda (312) sailkatu dira. Guztira, zortzi bertsolari ariko dira finalean, hiru finalaurrekoetako irabazleak eta sailkatutako hurrengo bostak. Beraz, bertsolariek hiru finalaurrekoak jokatzea itxoin beharko dute finalera sailkatzen diren jakiteko.
Larunbatean, martxoaren 9, Etxarri Aranazko kultur etxean jokatuko da bigarren finalarrekoa. Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro bertsolariek jokatuko dute Sakanan. Alaitz Rekondo izanen da gai-jartzailea. Sarrerak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus webgunean eta Xapatero tabernan. Egunean bertan kultur etxearen leihatilan salduko dira ere. Igandean, martxoaren 10ean, hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da Lesakan.
Atarrabiako finalaurrekoaren sailkapena | |
Eneko Lazkoz | 399 |
Xabi Maia | 352,5 |
Aimar Karrika | 349 |
Saats Karasatorre | 335 |
Sarai Robles | 326,5 |
Joana Ziganda | 312 |
Etxarri Aranazko finalaurrekoan ariko diren bertsolariak |
Kultur etxea. Martxoaren 9, 17:30 |
Diego Riaño |
Iban Garro |
Iker Gorosterrazu |
Julen Zelaieta |
Julio Soto |
Xabier Terreros |
Lesakako finalaurrekoan ariko diren bertsolariak |
Harriondo kultur etxean. Martxoaren 10, 17:30 |
Alazne Untxalo |
Eneko Fernandez |
Joanes Illarregi |
Josu Sanjurjo |
Saioa Alkaiza |
Xabat Illarregi |