IMQ Kopa: Etxarri final laurdenetara sailkatu da

Guaixe 2019ko mar. 5a, 12:26

IMQ Kopako final zortzirenak: Etxarri Aranatz 3 – Aoiz 3 (penaltietan, 5 eta 4)

Etxarri Aranatz IMQ Kopako final laurdenetara sailkatu da, final zortzirenetan Aoiz bidean utzi eta gero. Partida oso lehiatuan, Xabatek Etxarri aurreratu zuen 45. minutuan area kanpotik eta etxarriarrak gol bateko errentarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala, 48. minutuan, Luisek egindako erdiraketa aprobetxatu zuen Gentzak Etxarriren aldeko bigarren gola sartzeko. Aoizen aldaketak egin zituen entrenatzaileak eta gutxika Etxarriren atera gerturatzen hasi ziren agoizkoak eta bina berdintzea lortu zuten. 81. minutuan Xabatek Etxarriren hirugarren gola sartu zuen, baina partida bukatzear zegoela, deskontuan, 94. minutuan, hiruna berdintzea lortu zuen Aoizek.

Hortaz, penaltiek erabaki zuten IMQ Kopako final laurdenetara nor sailkatuko zen. Etxarriarrak finago ibili ziren penalti jaurtiketetan eta, 5 eta 3 irabazita, final laurdenetarako sailkatzea lortu zuten.

Preferenteko liga bueltan
Asteburuan preferente mailako liga itzuliko da. Etxarri Aranatzek Lezkairu hartuko du San Donato zelaian. Sailkapenean 13.a dago Etxarri (25 puntu), jaitsiera postuetatik puntu eskas batera, eta sailkapenean azkena, 16.a eta jaitsiera postuetan dago Lezkairu (19 puntu). Beraz, arerio zuzenen arteko partida izanen da.