Irati Igoak Euskal Herriko Paleta Gomako finala jokatuko du

Guaixe 2019ko mar. 6a, 12:36

Espinalekin batera ariko da etxarriarra larunbatean, 16:00etan, Mallabian, Murgaren eta Perez de Arriluzearen kontra. Nafarroako Pilota Gomako Txapelketan, berriz, Elai Gomezekin batera aritu zen Irati Igoa, eta finalerdietan erori ziren

Irati Igoa Sesma etxarriarra futbolaria eta palista da. Futbolean Mulier taldean dabil eta palista moduan Etxarri Aranazko Gure Pilota klubean. Asteburuan bi txapelketetako finalerdietan aritu zen etxarriarra eta batean galdu eta bestean irabazi egin zuen.

Batetik, Elai Gomez taldekide etxarriarrarekin Nafarroako Euskal Pilota Federazioko Nafarroako Paleta Gomako finalerdietara sailkatu zen Irati Igoa, eta larunbat goizean jokatu zuten finalerdia. “Egia esan, finalerdietan ez genuen partida ona egin, 25 eta 19 galdu genuen Mendillorri klubeko Espinal eta Azanzaren kontra, eta txapelketatik kanpo geratu gara” onartu du Igoak.

Larunbat arratsaldean, atzera ere pala hartu eta Abetxukoko bidea hartu zuen Irati Igoak, Emakumezkoen Paleta Gomako Euskal Herriko Irekia Txapelketako finalerdia jokatzeko. Kasu honetan, Espinalekin osatu zuen bikoa Irati Igoak, goizean beraren kontra Nafarroako Txapelketa galdu eta gero. Ibañez eta Ruiz de Azua izan zituzten aurkari. “Euskal Herriko finalerdietan hobeto aritu nintzen; 30 eta 12 irabazi genuen” azaldu du Igoak.

Larunbatean EHko finala, Mallabian
Irati Igoak eta Espinalek larunbatean, martxoaren 9an jokatuko dute Euskal Herriko Irekiko Txapelketako Paleta Gomako finala, Mallabian, 16:00etan, Murgaren eta Perez de Arriluzearen kontra. Igoak aipatu digunez, finalak telebistan eskainiko omen dituzte, elite mailakoa eta lehen mailakoa.