Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehenengo finalaurrekoa Atarrabiako kultur etxean jokatu zen aurreko igandean, martxoaren 2an, eta Eneko Lazkozek irabazi zuen saioa 399 punturekin. Hortaz, etxarriarrak martxoaren 23an jokatuko den finalerako txartelo lortu zuen. Saats Karasatorre laugarren sailkatu zen 335 puntuekin eta gelditzen diren bi finalaurrekoak jokatzea itxoin beharko dute finalera sailkatzen den jakiteko. Etzi izanen da bigarren finalaurrekoa Etxarri Aranazko kultur etxena, 17:30ean. Azkena Lesakan jokatuko da.
Atarrabiako finalaurrekoan Aimar Karrika, Saats Karasatorre, Joana Ziganda, Eneko Lazkoz, Sarai Robles eta Xabi Maia aritu ziren. Saio puntugarriaren ostean, Lazkozek irabazi zuen saioa 399 puntuekin. Haren atzetik, Xabi Maia (352,5), Aimar Karrika (349), Saats Karasatorre (335), Sarai Robles (326,5) eta Joana Ziganda (312) sailkatu dira. Guztira, zortzi bertsolari ariko dira finalean, hiru finalaurrekoetako irabazleak eta sailkatutako hurrengo bostak.
Bi bertsolariak pozik
Atarrabian egindako lanarekin "gustura" gelditu dira bi bertsolari etxarriarrak Beleixe irratian (FM 107,3 eta guaixe.eus) adierazi zuten bezala. Lazkozen kasuan, saioa irabazi ondoren eta finalerako zuzenean sailkatu ondoren, egindako lanarekin eta emaitzarekin "oso gustura" dagoela aitortu du. Karasatorre, aldiz, itxoin beharko du jakin arte finalerako sailkatuko den edo ez, Atarrabian laugarren sailkatua izan ondoren, baina txapelketan "iritsi den tokira" iristeagatik "pozik" dagoela aitortu du etxarriarrak Sakanako irratian. "Txapelketa bertso-eskola serio hartzeko aitzakia izan da".
Lehenengo aldia izan zen Karasatorre eta Lazkoz elkarrekin saio batean aritzen zirela, eta "ilusioarekin" hartu zuten. Elkarrekin kantatzea ez zitzaien egokitu. "Nik Saats ongi ikusi nuen, gustura gelditu zela esan zuen, eta nik aurrerago geldituko zela uste nuen". Karasatorrek, aldiz, puntuazio gehiago espero zuen: "norbaitek esan zidan Tuteran baino saio okerragoa egin nuela, baina nik ez neukan sentsazio hori". Epaileak aldatu dira, eta ez dituzte puntuatzeko modua ezagutzen. Lazkozendako normala da "makurrago" gelditzen zarenean zure aldeko argumentuak bilatzea: "beti begiratzen dugu ea nondik atera dezakezun puntu bat gehiago, eta beti topatzen duzu zure alde".
Karasatorrek ere Lazkoz "ongi" ikusi zuen. "Hasieratik ari zen bere mailan". Izan ere, Lazkoz final-laurdenetan bigarren sailkatu zen "hotz" harrapatu zuelako txapelketak, aldiz, finalaurrekoan "sartuago" zegoela eta egun "on" bat egin zuela azaldu du Lazkozek.
Azken finalaurrekoak
Etzi, larunbata, Etxarri Aranazko kultur etxean jokatuko da bigarren finalaurrekoa, eta bi etxarriarrak ikustera joango direla esan dute. Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro bertsolariek jokatuko dute Sakanan. Alaitz Rekondo izanen da gai-jartzailea. Sarrerak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus webgunean eta Xapatero tabernan. Egunean bertan kultur etxearen leihatilan salduko dira ere. Igandean, martxoaren 10ean, hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da Lesakan. Joseba Beltza, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Jon Abril dira finalaurrekoetako faseko epaileak. Haiena izango da bertsolarien lana puntuatzeko ardura.
"Zaila da" finalean nor egongo den esatea, Lazkozen esanetan. "Beste urtetan baina irekiagoa da aurten, egongo da jendea Saats finalerako deskartatzen duelako eta beste batzuk oraindik Saatsekin kontatzen dutela". Igandean jakingo da finalera pasatzen diren zortzi bertsolarien zerrenda.