Etxarri Aranazko Udalak greba feminista babesteko erakunde adierazpena onartu du. Euskal Herriko mugimendu feministak, eragile sindikal, politiko eta sozialekin batera gaurko 24 orduko greba deitu duela gogorarazi dute udaletik, eta bost ardatz dituela: zaintza, enplegua, pentsioak, ikasleak eta kontsumoa. Udal hautetsiek adierazi dutenez, “greba feminista guztion bizitzan eragiten duten esparruetan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan, kontsumo ereduan, sexualitatean, arrazakerian eta abarretan”.
Udalak adierazpenean nabarmendu du, “ardura kolektibotik abiatuta bizitza sostengatzeko itun sozial berri bat eskatzen dio euskal jendarteari, berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak burutuz, eta zaintzaren berrantolaketa soziala politika publikoen zeharkako ardatza izan behar dela aldarrikatuz”. Udalak, grebaren “motibazio eta proposamenekin” bat egiten duenez, deialdiari babesa agertu eta emakumezko hautetsi eta langileei greba egiteko erraztasunak ematea erabaki du. Aldi berean, etxarriarrak mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du.