Etxarrik 3 puntu oso garrantzitsu lortu ditu Lagunak bigarrenari irabazi eta gero

Guaixe 2019ko mar. 25a, 14:15

Preferente maila. 24. jardunaldia: Etxarri Aranatz 1 – Lagunak 0



Etxarri Aranatz jaitsiera postuetatik atera da Lagunak taldeari 1 eta 0 irabazi eta gero. Partida garrantzitsua zen hau etxarriarrendako, jaitsiera postuetan egonik, puntuak bildu beharrean baitzeuden etxarriarrak. Aurrean arerio oso sendoa zuten, sailkapenean bigarrena den Barañaingo Lagunak taldea, lidergoa eskuratzeko borrokan murgildua dagoena. Beraz, partida oso konplikatua espero zen Etxarri Aranatzen.

Etxarri Aranatzek hobe ekin zion partidari: hainbat gol aukera sortu zituen. Azkenean, 31. minutuan Arratibelek Etxarri aurreratzea lortu zuen. Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuen partidak; Etxarri Lagunak baino hobe zebilen. Minutuak pasa ahala Lagunak taldea aurrera iristen hasi zen eta arriskua sortu zuen, baina Etxarrik bikain defendatu zuen bere atea, eta horretaz gain, kontraerasoak probestuz gol aukeraren bat edo beste izan zuen. Baina markagailua ez zen mugitu eta 1 eta 0 irabazi zuen Etxarrik, eta preferente mailari eusteko hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen.

Sailkapenean Burlades da liderra (47 puntu), Lagunak taldea gertu, 3 puntura duela (44 puntu). Etxarri Aranatzek gora egin du sailkapenean eta 11.a da (29 puntu). Asteburuan sailkapenean zazpigarrena den Aibarés taldearen kontra ariko da Etxarri Aranatz.