Nola joan zinen Anaitasunara?
Oso lasai pasa nuen aste guztia lanean. Ostiralean jai hartu nuen eta ostegunean eztarriko mina, mukiak eta horrelako kontuekin hasi nintzen. Ez dakit nerbioak izango ziren edo zer izango zen. Baina ez ditut horrelako nerbioak inoiz izan. Ostiral goizean nahiko gaizki jaiki nintzen eta botikara joan nintzen esanez bihar ongi egon behar nintzela. Eta egia esan nahiko beldur pasatu nuen ez nekielako nola jaikiko nintzen hurrengo egunean, larunbatean, eta kantatzerik ahalko nuen edo ez. Larunbatean hobeki sentitu nintzen.
Beraz, onenean ez zinen joan?
Egia esan, ez. Lehenego saioan sumatu nuen gehiago. Ondoren, hobe nengoen. Oso nekaturik bukatu nuen. Alde horretatik bai izan zitekeen nerbioak.
Nerbioak edo presioa?
Presiorik ez dut sentitu. Nik uste bertsotan aritzen garenak badakigula Nafarroako hoberena Julio dela. Egia da aurten puntu gehiagorekin iritsi nintzela eta, gainera, alde handi xamarrarekin, baina leku ezberdinetan aritu ginen eta erreferentzia bezala balio dezake bakarrik. Gauzak ongi eginez gero irabazteko aukera neuzkan, baina banekien oso zaila izango zela.
17:00ak iritsi ziren. Zer sentitu zenuen momentu horretan?
Egia da aurten oso giro polita geneukala gure artean. Bi gazteak haize berria sartu dute eta nik harremana dezente daukat haiekin eta elkarrekin entrenatzen izan gara. Denon artean oso gustura egon ginen. Gero bakoitzak bere buruan izaten ditu bere gerrak. Baina ongi, lasai egon nintzen.
Zozketaz 6. aulkian egokitu zitzaizun. Berdin zaizu?
Lagun batek dio daukazun adina beti dela hoberena, eta bertso saioetan ere berdina pentsatzen dut: Tokatzen zaizun zenbakia tokatu zaizun hoberena dela eta listo. Egia esan nahiago izaten ditutu nik binakakoetan ez hastea.
Hasierako agurra, txapelari hizketan hasi zinen eta bukaeran ere buru onera joan zela bota zenuen.
Egun batzuk lehenago txorakeri hori burura etorri zitzaidan. Azkenean, txorakeri bat zen. Batzuetan buru jaten egoten zara gauza polit bat egiteko.
Lanetan sakondu gabe, gaiak gustatu zitzaizkizun? Juliorekin aritu zinenean, zuri tokatu zitzaizun paper zailena.
Batzuetan ez dakizu. Agian aukera gehiago ditu beste paperak. baina ongi heldu nion. Zortziko txikietan askotan gertatzen da hori; egoera berdinaren aurrean bi paper banatzen dira.
Enekorekin ez zitzaizun berdina pasatu?
Kasu horretan nik uste nire papera errazagoa zela bere paperak jarrera seguru bat markatzen zuelako eta nire paperak aukera gehiago uzten zituen. Hasi nintzateke gauza bat defendituz eta beste batekin amaitu.
Bakarkakoan txakurrekin jokoan aritu zinen.
Bai. Egia esan gaia aditu nuenean imajinatzen hasi eta nik ez dakit zer sentitu dezakeen eraso duten emakumeak. Errespetu pixka bat sortzen zuen gaiak. Eta ni babesteko txakur bat zegoen eta horrekin lotu nuen. Beste bi hanketako txakur batzuk ibiltzen dira hortik. Idei hori etorri zitzaidan eta hortik jo nuen.
Buruz burukoan zeundela atzean, pentsatu zenuen txapela gertu zenuela edo argi zeneukan Juliok ongi egin zuela eta aukerarik ez zenuela?
Buruz burukoaren hasieran oraindik Julio aurretik ikusten nuen, baina bueno. Aurretik lana zegoen egiteko eta pentsatu nuen nik nire lana ongi egiten banuen, eta biak ez badugu egiten... gertatuko zela. Ez dakit. Gero puntuazioa begiratuta ez zegoen halako alde handia.
Finaletan zergatik jotzen da hainbeste seriotik eta umoretik hain gutxi?
Nik uste dela jaso dugun hezkuntza. Eta egia da errazago dela jendeari negarraraztea barrea sortzea baino. Horrela ohitu dugu publikoa. Juliorekin ere askotan hitz egin dut zortziko txikitan serio hartuko bagina zer pasako zen. Edo zortziko txikiko gai bat hamarreko txikian jarriko bagenu. Erabat desberdin aterako ziren. Predisposizio horrekin joaten gara. Eta gero Txapelketan tentsio guzti horrekin eta zaila egiten da. Bertso afari batean tontakeriak esatea erraza da.
Bertsoa bukatu baino lehen, bertsoaren erdian, ikusleek, entzuleek, txalo zaparrada bat eskaintzen dutenean zer egiten duzue?
Momentuko gauza bat da. Jendeak txalo egiten badu tokatzen ez zenean atera zaielako da. Horrelakoetan ateratzen zaizun bezala egiten duzu. Polita da bertso bat bota eta jendea txalotzen hastea. Zerbait esan duzunaren seinale.
Zuen arteko giro ona nabaria da. Beste txapelketarako eredugarri izan zaitezkete? Lehiakortasuna ez da agerian geratzen. Juliok ere txapela kendu eta beste bertsolari bat bezala agurtu zuen.
Guretzat lehiaketa bat da eta ez da. Azkenean batek bakarrik ezin du ezer egin. Bertsolaritza taldeko lan bat da eta nik uste denoi horrela erakutsi digutela. Anaitasunan giro ona egoteko eta final on bat egiteko denok daukagu gure lana egin beharra. Gero bakoitzari berea ikusten dio, baina ahal dela ondokoari lagundu ere ateratzen zait. Eta Julioren kasuan pertsona bezala oso pertsona apala da. Kolektibo horren parte sentitzen da. Joxemari ere bere protagonismoa egin nahi izan zion. Familia txiki bat gara euskaldunak eta euskaldunen barruan bertsolariak gaude. Eta denak elkar ezagutzen dugu.
Joseba Beltzarekin hizketan izan zara?
Finalaren ondoren egon ginen, baina poteatzen eta. Seguruenik bukatzea guk baino gehiago nahi zuen. Lan exigentea da nahiz eta jendearen aurrean ez jarri. Gu gara loreak eta argazkiak ematen ditugunak, baina atzetik lan asko dago.
Urtea nola etorriko zaizu?
Lehen bezala. Ez dut uste aldaketa handirik nabarituko dudanik finala eta gero. Urtean zehar saio gehiago ez ditut edukitzen. Orain finalaren ondoren zerbait nabarituko dut.