Sakanako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren erakusleihoa da Amalur azoka, aurten zortzigarren edizioa izanen duena. Ibarreko lehen sektoreko ekoizleak biltzen dituen Belardi elkarteak antolatzen du. Begoña Goikoetxea etxarriarra da kideetako bat eta gogorarazi duenez, EHNEko kideak ziren, baina Sakanan biltzea eta elkar ezagutzea erabaki zuten. “Elkartzen hasi ginen eta Amalur azoka behar batetik hasi zen. Sakanako jendeari gure egoera erakusteko: ekoizle txikiak garela eta zuzeneko salmenta egiten dugula”.
Goikoetxeak uste du zortzi urtetan “hobera” egin dela: “lanketa ez da guretako bakarrik izan, jendearendako ere. Sentsibilitate hori sortzea: bertako produktua, ekoizpen eredua… Jendeari, gutxienez, gaia ezaguna egiten zaio”. Helburu hori lortzeko, hala ere, “lan asko gelditzen da. Hor egon beharra dago”.
Amalur azokan egonen diren ekoizle gehienak sakandarrak dira. “Gehienak artzainak. Sakanan ekoizle txikia eta zuzeneko salmenta egiten duten gehienak artzainak direlako”. Haiekin batera egonen dira Arbizuko euskal txerria, Jeingenekoa esnekiak, Urdiaingo ogia eta Legarbeko barazkiak. Eskaintza osatzeko Oibarreko ardoa, Lakabeko ogia eta ukenduak izanen dira. Belardikoak azokarako olioa ekartzen saiatuko dira ere. Azokarako data “txarra” dela gaztigatu du Goikoetxeak: “hauteskundeak direla, Aste Santua eta abar dexente kostatu zait ekoizleekin koordinatzea”. 13 edo 14 ekoizle elkartuko direla aurreikusten dute.
Ohi bezala, zein abererekin lan egiten duten aurkezteko erakusketa txiki bat izanen da atzera ere. Gainera, ardiei ilea mozteko eta gazta egiteko tailerrak izanen dira. Euskal txerriaren dastatzea izanen da ere. Aurtengo berritasuna da zaldiekin heziketa naturala egiten duen Vanesa Ugarteren presentzia. “Pottokekin erakustaldi bat eginen du plaza erdian. Gehienbat zaldiak dituen jendeak animaliak tratatzeko pauta batzuk izan ditzan. Gainontzekoendako oso kuriosoa izanen da. Lasai-lasai, haiekin mugimendu batzuk egiten ditu eta, azkenean, lortzen du zaldiak berak nahi duena egitea, gutxi gorabehera”.
Azokez
Zuzeneko salmenta egiten duten ekoizleei jendea ez zaie etxera joaten, beraz, azokak haien erakusleihoak bihurtzen dira. “Azoka askok zuten paper hori galdu dute. Ekoizleak desagertzen joan dira eta agertu direnak dira beste tokietan erosi eta berriz saltzen dutenak. Guri azoketara joatera eta gure produktuak eta gure lana ezagutaraztea tokatzen zaigu”. Ibarreko egoeraz galdetuta, Goikoetxeak esan duenez, “Sakanan kristoren afizioa dago. Jendeari asko gustatzen zaizkio animaliak, baratza… Ingurua begiratu eta dena dago zaldiz, ardiz… Gehienak ez dira profesionalak. Baina lanetik atera eta afizio hori! Gauza da askotan ez dagoela aukera hori aurrera eramateko. Apustu bat da. Horren alde borrokatu behar da. Sakanakoa beste tokietakoen antzekoa izanen da. Gazte eta heldu. Gazteak afizio horrekin heldu dira. Hori ezin da galdu”.
Belardikoek Etxarri Aranazkoarekin batera Irurtzungo azokaren antolakuntzan aritzen dira. Goikoetxeak esan digunez, “Irurtzungoa oso potentea da eta, gainera, eredugarri. Hura bertako abereen erakusleihoa da. Artisauak ere badaude, Amalur azokan ez daudenak. Azkenean, Amalur azoka guk dauzkagun baliabideekin gure neurrira egindako azoka da”. Urtean behin egitearen zergatiaz galdetuta, Goikoetxeak esan digunez, “iruditzen zait inflexio puntu bat dela. Elkartzen gara eta gure aldetik balorazioa egiten dugu. Eta bete behar bat: gogoratzea non gauden eta ikusi egin behar zaigula”.
Hitzaldia
Azokaren atariko, Lurraldea eta iraunkortasuna. Zein etorkizun nahi dugu? hitzaldia antolatu du Belardik. “Sentsibilizazioa, gure egoera ezagutaraztea, egoeraren hausnarketa egitea… Sektoretik atera eta jendartean gaia zabaltzea da helburua”. Bertan parte hartuko dute, alde batetik, Gotzone Sestorain, Leitzako ekoizle. “Dexente mugitu dira Leitzan. Kontsumo taldeekin, bertako ekoizleekin azokak egiten dituzte. Haien esperientzia kontatuko digu”. Beste hizlaria Mixel Berhokoirigoin da, Euskal Herriko Laborantza Ganberako kidea. “Erabaki politikoek landa-eremuan zein eragin zuen azalduko du. Batzuetan herrietan hartzen diren erabakiak zein eragina duten gure sektorean, lurraldetasuna nolakoa izatea nahi dugun… Gaia nahikoa potoloa da, baina interesgarria iruditzen zait batzuetan ez dugulako kontutan hartzen non gauden kokatuta eta zen den gure eremua”. Hitzaldia hilaren 25ean, ostegunean, 19:00etan izanen da, Etxarri Aranazko kultur etxean.
Egitaraua
10:00etan Azoka gardena. Sakanako eta Nafarroako ekoizle eta produktuekin: gazta, ardoa, ukenduak, ogia…
Animalien erakusketa: behiak, ardiak, behorrak…
Etxarri Aranazko gaitariak.
Ardien ile moztea.
Gazta egitea.
11:00etatik 12:00etara Zaldi heziketa naturalaren erakustaldi didaktikoa Vanesa Ugarterekin (Lucy Reesen lanean oinarrituta.
12:00etan Euskal txerri errearen dastatzea.