Teknologia berriak antzeztokian

Guaixe 2019ko mai. 3a, 13:12
'Drag-e uraren bila' antzezlaneko pertsonaien artean robotak daude. LOGELA MULTIMEDIA

Logela Multimedia konpainiak teknologia berriak arte eszenikoen diziplinekin uztartzen ditu. Bihar, larunbata, 17:30ean, konpainiak 'Drag-e uraren bila' ikuskizuna eginen du Etxarri Aranazko kultur etxean

Antzerkia, dantza, musika, robotika, bideoa eta interakzioa uztartzen ditu Logela Multimedia konpainiak Drag-e Uraren bila antzezlanean. "Aktoreek irudiekin harremana dute. Aktoreen ekintzak eta agertokiko pantailetan agertzen diren irudien artean elkarrizketa bat dago". Pantailak eta robotak dauden arren, protagonismoa benetako aktoreek eta dantzariek dutela azaldu du Ander Garaizabal Logela Multimediako kideak. Bihar, larunbata, 17:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean antzezlan multimedia ikusteko aukera izanen da.

Logela Multimedia ibilbide luzeko konpainia bat da. Hemezortzi urte daramate eszenan eta dagoeneko 20 ikuskizun sortu dituzte. Hiru familiarteko publikoarendako, Drag-E Uraren bila bihar Etxarri Aranatzen ikusteko aukera izanen den antzezlana, esaterako. Konpainiaren "kezka" ekoizpen digitalak agertokira eramatea zen, eta konpainia helburu horrekin sortu zela azaldu du Garaizabalek. "Antzezlanetan teknologia, dantzariak, aktoreak eta musikariak uztartzeko gogo horrek eraman gintuen Logela Multimedia sortzera". Beraz, antzezlan multimedia kontzeptu berritzailea dirudien arren, haientzat ez da "horren berritzailea".

Drag-E Uraren bila antzezlanean bi robot agertzen dira. Bat aurrera eta atzera mugitzen da eta bestea estatikoa da. 2800. urtea irudikatzen dute, eta Lur planetan izaki bat bizi da. Landare bat ere bizi omen da planetan. Lurrera bizitza ekartzea izanen da lau pertsonaien erronka. Wall-E animaziozko pelikularen lehenengo minutuetan inspiratu dira antzezlana sortzeko, "ingurugiro" horretatik. "Apokaliptikoa dirudien arren, alaitasunetik eta poztasunetik eginda dago". 4 urte gorako haurrendako gomendatuta dago, baina "keinu batzuetan" gurasoei gustatuko zaiela ere azaldu du Garaizabalek: "oreka mantentzen saiatzen gara".

"Ondo pasatzeko antzezlana da. Balore batzuk ere mahaigainean jartzen ditugu: naturarekiko maitasuna, baliabideak agortzen direla irakastea... lan pedagogikoa badago, baina bereziki familian ongi pasatzeko eta disfrutatzeko ikuskizun bat da". Teknikoki "ikuskizun oso zaila" dela onartu du Logela Multimediako kideak, baina hainbat trikimailu eszenikoak eta teknologikoak erabiltzen dituzte robotak mugitzeko.