Beste puntu bat Etxarrirendako

Guaixe 2019ko mai. 6a, 13:15

Preferente maila. 29. jardunaldia. Pamplona B 3 – Etxarri Aranatz 3

Asteburuan Preferente mailako azken aurreko jardunaldia jokatu zen. Preferente mailari eusteko borrokan beste puntu bat lortu zuen Etxarri Aranatzek, sailkapenean azkena den Pamplona B taldearen kontra hiruna berdindu eta gero.

Pamplonak bi gol sartu zituen baina atsedenaldia baino lehen Iñigok Etxarriren aldeko gola sartu eta aldea murriztea lortu zuen. Bigarren zatian haizea alde zuela jokatu zuen Etxarrik, eta markagailuari buelta ematea lortu zuen talde sakandarrak: Agirrek bina berdindu zuen eta Alberdik Etxarriren gola sartu zuen. Partida irabaztea eta hiru puntuak etxera eramango zituela zirudienean, partidako azken minutuan Pamplonak hiruna berdintzea lortu zuen, etxarriarren kalterako.

Nolanahi ere, preferente mailari eusteko borrokan puntu bat lortu zuen Etxarrik. Burlades B da liderra (58 puntu), Lagunak bigarrena 3 puntura duela). Etxarri Aranatz 13.a da, 35 punturekin, eta 3 puntura du jaitsiera postua. Hortaz, asteburuan jokatuko den ligako azken partidan irabaztera atera beharko dira etxarriarrak. Etxean jokatuko du Etxarrik eta sailkapenean 8.a den eta jokoan ezer ez duen Amigó taldea hartuko du San Donato zelaian. Ea mailari eusteko borrokan zortea alde duten etxarriarrek.