"Hogei hizkuntzatako abestiak hautatu ditugu"

Guaixe 2019ko mai. 10a, 11:54
Etxarri Aranazko abesbatza Disney abestiekin egindako kontzertuan. UTZITAKOA

'Gure Altxorra' kontzertu "berezia" eginen du igandean Etxarri Aranazko abesbatzak. Herriko elizan izanen da emanaldia, 19:0ean. Maria Jesus Palazuelos eta Oihana Razkin abesbatzako kideak dira

Udaberriro Etxarri Aranazko abesbatzak kontzertu bat eskaintzen du. Disney animazio pelikuletako abestiekin arrakasta lortu zuen, Burundar txistulariekin ahots eta txistu doinuak uztartu zituzten, eta musika garaikidearekin ere ausartu dira. Aurtengo udaberriko kontzertua berezia izanen da, izan ere, hizkuntz indigenak hartu dituzte oinarri. Gure Altxorra da kontzertuaren izenburua eta igandean, maiatzaren 12an, eginen dute, 19:00ean, Etxarri Aranazko elizan. Belarrietarako altxorra.

Udaberrian, urtero, kontzertu bat egiten du Etxarri Aranazko abesbatzak. Guztiak dira bereziak, baina aurten bereziagoa dela esan daiteke.
Bai, urtero udaberriko kontzertu ezberdin bat egiten dugu, baina aurtengoa tematikoa izango da, hizkuntza indigenei eskainitakoa. Abestien hautaketa publiko orokorrarentzat erakargarria dela uste dugu, eta gainera eszenaratzeari garrantzi berezia emango diogu. Izan ere, abesten dugun bitartean instrumentuak erabiliko ditugu, dantza pixka bat egingo dugu eta jantzien osagarri batzuk erabili ditugu. Horrez gain, kanta bakoitzarekin bideo bat proiektatuko dugu publikoa munduan zeharreko bidaia batean murgilduz.

Nola sortu zen ideia?
Nazio Batuen Elkarteak 2019 urte hau Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu zuen bere Asanbladan. Hizkuntza hauen berri eman eta mantentzea, biziberritzea eta erabilera sustatzea da helburua. Guk gure ekarpena egitea pentsatu dugu hobekien dakigun moduan, musikaren bitartez hain zuzen ere.

Zeintzuk dira hizkuntza horiek?
Kontzertua prestatzen hasi ginenean zalantzak sortu zitzaizkigun hizkuntza indigena, hizkuntza gutxitu eta antzeko terminoekin. Batzuetan, hizkuntza indigena kontzeptua modu zehatz batean erabiltzen da, isolatuak bizi diren herri indigenen hizkuntzak adierazteko. Beste batzuetan, modu orokorrago batean aipatzen da, toki bateko jatorrizko hizkuntza adierazteko. Guk, bigarren ikuspuntu hau erabili dugu kontzertua diseinatzeko, hizkuntza gutxituei garrantzi berezia emanez. Guztira, 20 hizkuntza hautatu ditugu, tartean zapotekera, tokelauera, samiera, zuluera, swahilia, tamilera, gaelikoa, sardiniera eta abar.

Nola lortu dituzue abestiak? Zaila izan da?
Bai. Denbora bat behar izan genuen hautaketa egoki bat egiteko eta partiturak lortu ahal izateko. Abesbatzako talde bat bilaketak egiten aritu zen eta aurkitutako guztiaren artean kanta gustuko eta egokienekin geratu ginen. Kontinente ezberdinetako kantak egotea saiatu gara, eta estilo desberdinetakoak. Uste dugu hautaketa polita egin dugula.

Zeri buruz hitz egiten dute abestiek?
Denetarik dago, besteak beste: eguzkiari edo naturari eskainitako erritu kantak, maitasun kantak, jai-giroko abestiak, lo kantak...



Hizkuntza indigenetan abestuko duzue. Nola izan da hauek ikasteko prozesua?
Abesti batzuk beste batzuk baino zailagoak dira, eta horietan lan gehiago egin behar izan dugu. Hala ere, gehien kostatzen ari zaiguna horrenbeste hizkuntzatan abestea da. Ahalik eta ahoskatze egokiena egiten saiatzen ari gara, baina hainbeste hizkuntzatan irakurtzea zaila egiten zaigu.

Aurrera begira, erronka gehiago dituzue?
Aurtengo urteari begira proposamen batzuk jaso ditugu eta haien inguruan hausnartu beharko dugu. Dagoeneko Gabonetako kontzertuan pentsatzen hasiak gara, tematikoa izango delako. Baina oraindik forma ematen ari gara.