Etxarri Aranatzek preferenteari eutsi dio

Guaixe 2019ko mai. 13a, 14:03

Preferente maila. 1. multzoa. 30. jardunaldia: Etxarri Aranatz 1 – Amigo 1

Preferente mailako 30. eta azken jardunaldia jokatu zen asteburuan. Etxarri Aranatzek Amigó taldearen kontra jokatu zuen San Donato zelaian. Aurreko jardunalditik preferente mailari eutsiko ziotela bazekiten etxarriarrek eta alde horretatik ez zen partida erabakigarria izan. Etxarriko Xabat eta Saez jokalarien lesioek baldintzatu zuten partida. Sarrera oso gogorrak jaso zituzten bi jokalariek. Horrela, Etxarriri egoerari buelta ematea kosta egin zitzaion, baina hala ere gol aukerak sortu zituen Etxarrik, Amigo taldeko Padilla atezainak maisuki gelditu zituenak. Bigarren zatian Etxarrik agintzen zuen, baina jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Etxarri, Gentza aldageletara bidali baitzuen arbitroak. Amigok aurreratzea lortu zuen, eta egoera gehiago okertzeko 9 jokalarirekin geratu zen Etxarri, Oihan kanporatu baitzuen arbitroak. Baina Etxarriko Darlingek sartutako golari esker, berdintzea lortu zuen Etxarrik eta irabazteko aukera ere izan zuen, aukera ederrak izan baitzituen. Baina puntu banaketarekin despeditu zen lehia.

Sailkapen orokorrean Burlades B-k irabazi zuen (61 puntu) eta Autonomia Arteko mailara igotzea lortu dute burlatarrek. Lagunak izan da bigarrena (55 puntu) eta Artajones hirugarrena (50 puntu) eta bi talde hauek igoera fasea jokatuko dute. Etxarri Aranatz z11.a sailkatu da (36 puntu), eta preferente mailari eustea lortu du klubak. Azken hiru taldeek, Castillo de Tiebas, Lezkairu eta Pamplona B, mailaz jaitsi eta erregionalean ariko dira hurrengo denboraldian.