Castello II espetxea Albocaserren dago, Euskal Herritik 550 km-ra. Han dago preso Juan Ramon Karasatorre Aldaz etxarriarra. Asteburuan hura bisitatzeko bidaia egin zuten bikoteak eta alabak. Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, bisitara sartu aurretik metal detektagailua, erraketa, pasa zieten soinetik bikoteari. Metalik ez eta soinurik ez zuen atera. Etxeratek jakinarazi duenez, “espetxeko funtzionarioak garrasika eta errespeturik gabe esan zion eskua sartuko ziola bularretan”. Karasatorreren emazteak ukitzeari uko egin zion, bularretakoak pitatu ez zuela argudiatuz, eta behar izanez gero bularretakoa kenduko zuela esanez.
Etxeratek jakinarazi duenez, orduan etxarriarra “kalera atera zuten, bisitarik gabe geratuko zela esanez; egoera horren aurrean, Karasatorreren alabak, eta baita Harriet Iragiren senideek ere, Karasatorreren emaztea bisitarik gabe geratzen bazen haiek ere ez zirela bisitara sartuko adierazi zuten”. Etxeratek gaineratu duenez, “tentsio eta urduritasun handiko une horretan, bi zerbitzu buru agertu ziren eta senideek bisita gauzatu zezaketela adierazi zuten. Gainera, Karasatorreren emazteari arrazoia eman zioten, pitatzen ez bazuen ez zegoelako ukitzeko beharrik”. Hala, bi presoen senideek bisita normaltasunez egin zuten.
Debekua
Castello II espetxean dauden bi presoen senideek jakinarazpen bana jaso zuten atzo. Han azaltzen zitzaien bai Karasatorrreren bai Iragiren bikotekideak 6 hilabetez bisitarik gabe zigortuko dituztela. Etxerat elkartetik “senideek jasandako tratu arbitrario eta onartezina salatu” dute eta jarritako zigorra “neurrigabea” dela gaineratu dute. Etxerateko kideen iritziz, “erabat salagarria eta onartezina da bi presoen senideei eman zitzaien tratua. Gainera, samingarria eta neurrigabea da bi preso horien emazteei ezarritako zigorra. Astebururo ehunka senide eta lagunek egiten duten bezala, bi familia horiek 1.000 kilometro baino gehiago gauzatu behar izan zituzten maite duten pertsonarekin egon ahal izateko”. Presoen urruntzea “eskubideak urratzen dituen salbuespenezko neurri ankerra” dela gaztigatu eta “horri gehitu beharra dago asteburu honetan bizitako bidegabeko egoera eta ezarritako zigorra, baliogabetzea espero duguna”.
Juan Ramon Karasatorre Aldaz 2001eko abenduaren 12an atxilotu zuten Frantzian. Han zigorra bete ondoren, 2010eko azaroaren 17an Espainiara estraditatu zuten. 2018ko azaroaren 22ra arte isolamendu moduluan izan zuten, hau da, 20 ordu ziegan eta 4 burni-harizko teilatua zuen patio txikian.