Udaberriko arratsalde musikatuak

Guaixe 2019ko mai. 17a, 14:30
The Upper Room taldea kontzertua. UTZITAKOA

'Musika plazan' zikloaren lehenengo emanaldia izanen da igadean, 19:30ean, Etxarri Aranazko plazan

Udaberriko igande arratsaldeak bereziak dira Etxarri Aranatzen. Musika plazan zikloa hasiko da maiatzaren 19an, igandean, 19:30ean. Plazari "bizia" ematen dion zikloa da, eta urtero egiten dutena. Izan ere, Amaia Ijurra Etxarri Aranazko kultur teknikariak azaldu duenez, "jendeak badaki plazan zerbait egongo dela, eta giroa sortzen da". Urte hauetan hainbat musika estiloetako eta generoetako taldeak pasa dira Etxarri Aranazko plazatik. Eta aurten, gainera, kiosko berrian izanen da, eguraldi txarra egiten badu egokia.

Euskal gospela
Hainbat musika genero ekartzea izan da aurtengo helburua. Gainera, musika ez ezik dantza, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizuna izanen da ere Musika plazan zikloan. Baina lehenengo emanaldirako euskal gospela izango da: The Upper Room taldea. Euskarazko gospela egiten duen lehenengo taldea da. Udako gauetarako, proposamen berria jarri dute martxan gazte asanbladarekin batera: Estalopeko hotsak.

"Lehenengoa eta gure formatuan bakarra, izan ere, gospel koroak ikustera ohituagoak daude". Gospela Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen, "eta nahiz eta telebistatik afroamerikarrena bakarrik erakutsi, herriak kantua erabili izan zuen adierazpide moduan". Beraz, eliza otoitz egiteko abesten zutela edo otoitz egiten abesten zutela azaldu du Iñaki Miguel The Upper Room taldeko piano jolea, zuzendaria eta sortzaileetako batek. "Beraz, zurien eta afroamerikarren elizetan egiten da gospela". Letra erlijiosoen eta harmonien konbinazioa da gospela. "Afroamerikarrenak blues eta soul estiloetara jotzen du, eta zurienak country ukituak ditu".

The Upper Room taldearen gospela hainbat estiloen nahasketa da. "Gure ahotsak zuriak dira, eta errepertorioan badaude soularen eragina duten abestiak baita countryagoak direnak ere". Miguelek azaldu duenez, gospela oso estilo sakona da eta jotzerakoan maite dituzten estiloak nahasten dituzte. "Zoragarria izaten da". Gainera, transmititzen den mezua "sakratua" dela dio, eta horrek bereziagoa egiten du".

Taldeak egindako abestiak, bertsioak eta euskaratutako "klasikoak" daude The Upper Room taldearen errepertorioan. "Gure letrek bizitzari buruz hitz egiten dute, zailtasunak bizitzen dituzten pertsonei buruz, itxaropena, barkamena, mundu hobe baten zoriontasuna... Bibliako pasarteetan oinarritutakoak ere badira". Letra guztiek lotura bat dute: espiritualtasuna. "Hunkigarria da".

Rock eta pop taldeak ikustea ohikoa dela esan du Miguelek, aldiz, gospel talde bat ikustea berezia da. Gainera, The Upper Room taldeak herriko plaza batean, kiosko batean, egiten duen lehenengo kontzertua izango da Etxarri Aranazkoa.