Udalak web orria berritu eta edukiz hornitu du

Guaixe 2019ko mai. 20a, 12:43
Silvia MaraƱonek, Amaia Ijurrak, Asun Erdoziak, Eneka Maizek eta Unai Aldazek aurkeztu zuten web orria.

www.etxarriaranatz.eus itxura berritzearekin batera, dokumentazio lana egin ondoren edukiz jantzi dute, etxarriarrendako eta bisitariendako informazio baliagarria eskainiz.

Pasa den astelehenaz geroztik Etxarri Aranazko Udalak web orri “goitik behera berritua” du. Eneka Maiz Ulaiar alkateak azaldu duenez, “udalaren printzipio nagusiak hiru hanka ditu: komunikazioa, gardentasuna eta parte hartzea, euren artean oso lotuta daudenak”. Horregatik, “oso inportantea da web orri indartsua izatea, informazio askorekin, eta hiru kontzeptu horiek betetzeko baliagarria dena”.     Maizek azaldu duenez, udal web atariaren aurreko bertsioa “nahikoa zaharkituta zegoen eta edukiz nahiko ahula” zen.     

Amaia Ijurra kultur teknikariak nabarmendu zuen aurreneko orrian bi zati nagusi daudela, albisteak eta agenda (udalak eta eragileek antolatutakoak, eta sarrerak sartzeko aukera). Web orriaren menuan udalari, udal zerbitzuei, tramiteak egiteari, gardentasunari eta Kultura, Kirola eta Aisialdiari eskainitako atalak daude. Udal arduradunek azken horri eman nahi izan diote garrantzia, bertan baitaude, besteak beste, zerbitzuen eta instalazioen, udal batzordeen, herriko ospakizunen egutegia, udalak azpiegiturak eskatzeko atala. Baina gardentasun atalean aurrekontuen, tasen, araudien edota hirigintzari buruzko informazioa dagoela nabarmendu dute.

Silvia Marañon zinegotziak  nabarmendu du udalak web orriaren eta sare sozialen bidez informazioa zabaltzeaz aparte, plazan jarritako informazio panelaren bidez ematen duela informazioa. “Horrela, sare sozialetara iristen ez garen jende batengana iristen gara”.

Herriaz
Maizek argitu duenez, “web orri berriak ez du soilik udalaren informazioa ematen, herriari buruzkoa ere”. Hori Ezagutu Etxarri atalean dago. Alkateak azaldu duenez, “Etxarri bisitari eta turismo ikuspegitik ezagutzeko aukera ematen da. Herriko baliabideak aipatzen dituen atal berria da, orain arte ez zegoen. Konturatu gara sareetan Etxarriri buruz, orokorrean, nahikoa informazio gutxi zegoela”.

Alkateak nabarmendu duenez, “izugarrizko dokumentazio lana egin da”. Asun Erdozia arduratu da atal horretarako dokumentazioa eskuratzeaz. Rafael Casatorre Bidaurreren lanak eta Guaixe hedabidea izan ditu iturri. Jasotako informazioa sei zatitan banatu du: herrira nola iritsi, herria eta jendea, zer egin, kultur agenda, ekonomia jarduera eta Sakana ezagutu.

Atariaz
Aldor Internet enpresa arduratu da web berria egiteaz. Unai Aldazek azaldu zuenez, “diseinu pertsonalizatu baten bidez sortu dugu, udalaren korporazio-irudia eta haien argibideak jarraituz. Diseinu moderno, erakargarri eta erabilera erraza du eta informazioa eskuratzeko modu arina eta azkarra dauka”. Web orriaren egiturak atal eta informazio berriak sartzeko modua eskaintzen du. Web orria mugikorretara egokitzen da. Bilaketa motorretan ahalik eta goien kokatzeko prest dago web orria eta eduki guztiak sare sozialetan sartzeko aukera ematen du.

Administrazio elektronikoa
Maizek iragarri zuenez, udalak aurki jarriko du administrazio elektronikoa martxan. Erregistro elektronikoaren bidez, web orriaren bidez hainbat tramite egiteko aukera emanen du.