Triku mendi martxa bertan behera

Guaixe 2019ko mai. 17a, 11:25

Triku Trail lasterketako bidea erakusteko mendi ibilaldia antolatua zuen Triku Trail Kirol Elkarteak biharko, baina eguraldi txarra iragarri dutenez, hurrengo astera atzeratu dute

Ekainaren 30ean jokatuko da Triku Trail mendi lasterketa, Etxarri Aranazko kanpinean (20 km, 1.400 m desnibel +). Triku Trail Kirol Elkarteak bere web gunean dioenez, kanpinetik abiatuta, hariztien ibilbidetik hasten da lasterketa. Aurrerago, Maitzegurretik pasatzen dira korrikalariak, eta segidan Auntzetxetik. Ibilbidean aurrera eginez, Axioren putzua pasatu ondoren Lizarrustira heltzen dira. Ondoren Txaradigorri trikuharrira jotzen dute. Horixe da eremurik gogorrena. Hortik Hirumugeta igotzen dute, Otxentara jaitsi eta Fagamendi igotzeko. Handik haritz zaharren ibilbide zoragarritik jaisten dira, eta Etxarriko kanpineko helmugan despeditzen da proba.

Aurten bi txapelketetarako puntuatuko du Etxarriko probak. Batetik, Euskal Mendi Federazioko Mendi Lasterketen Rankingerako puntuagarria izango da eta, bestetik, Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria izango da.

Hurrengo astean, 26an
Bada, mendi ibilbide hau ezagutu nahi dutenendako, bihar, maiatzaren 18an, Triku Mendi martxa antolatua zuten Triku Trail Kirol Elkarteak, goizeko 8:00etan Etxarriko kanpinetik abiatzekoa zena, baina eguraldi oso txarra iragarri dutenez, aste bat atzeratu dute ekimena eta maiatzaren 26an egingo dute, igandearekin, goizeko 8:00etan. Antolatzaileek argi utzi dute oinezko ibilaldia izanen dela, eta Lizarrustin atsedenaldia egingo dute gosaltzeko.

Trikutrailerako izena ematea zabalik
Ekainaren 30ean jokatuko den Triku Trail mendi lasterketarako izena ematea zabalik dago, www.trikutrail.com edo www.rockthesport.com web guneetan, ekainaren 27ra arte (federatuek 22 euro eta federatu gabekoek 24 euro).