Navarra Suma koalizioko udal hautagaitza aurkeztu zuen PPk Etxarri Aranazko plazan atzo. Horren jakitun ziren etxarriarrek goizean plazako estalopean euskal presoen Euskal Herriratzeko banderola, Nafarroako bandera, ikurrina eta estelada zintzilikatu zituzten. Udaletxe ondoko pisu batean ere xingola hori handi bat jarri zuten. Azokaren ondoren, eta Guardia Civilak iritsi aurretik, bakarren batzuk plazan ongarria zabaldu zuten. Guardia Civilak mitina izanen zen eremua inguratu zuten askoz lehenagotik. 20 bat agente baziren. Kalez jantzita beste batzuk. Jendea, ehunen bat pertsona, plaza inguruko espaloietan kokatu zen.
Bostetarako Etxarri Aranatzen ziren Navarra Sumako herriko zerrendaburuak Manuel Leal Villadangos (Murchantekoa) eta Merche San Pedro Lopez (tuterarra). Lealek azaldu zigunez, “ideia da Nafarroako herri guztiak berdinak izatea, denendako aukera berekin. Askatasun eremu bat egotea nahi dugu. Jendeak bere ideiak lasaitasunez garatu ditzan”. San Pedrok “herri honetan ikusezinari ahotsa emateagatik” da Navarra Sumako hautagaia, “baita alderdi barruko arduragatik ere. Alderdi Popularrean zerbitzu publikorako bokazioa dago. Edonon lan egiteko prest gaude”.
Herrirako duten programaz galdetuta, Lealek lehenik “behar bezalako giro bat egotea” ezinbesteko jo zuen, “Nafarroako beste edozein eskualdeetako herri normaletan bezala”. Horretarako, “pertsonak diskriminatzen duen edozer desagertu beharra dago. Ezin dituzu enpresak edo pertsonak hartu pintaketekin edo kalean ongarria dagoela”. Udalak denendako zerbitzu publiko bera eman behar duela aldarrikatu zuen eta udalaren web orrian “ETA zenaren inguruko enpresa eta jardueretara loturak egotea, presoak eta halakoak. Udaletxeko iragarki ohola alderdi politiko baten itxura izatea eta ez toki administrazio batena. Oinarri horiek jarrita enpleguarekin eta hezkuntzarekin hasiko ginateke”.
Alkategaiak “ingeles ikasketak , teknologia eta gaitasunak berriak” sustatu nahi ditu. Horretarako, PAI eredua ezarri nahi du eta, bitartean, hala nahi dutenei norabait joateko autobusa eta jangela ordaintzea proposatu du. Etxarri eta Sakana enpresak erakartzeko gune bat izatea nahi dute. “Autobia dugula baliatuta pasatzen den jendeari zerbitzu gehiago ematea. Herri politagoa eta kanpora irekiago batekin merkataritzan eta ostalaritzan mugimendu gehiago izanen genuke. Ez dadila soilik landa-turismo helburua izan. Baizik eta Iruñetik eta beste tokietatik hona etortzen direla afaltzera edo arratsalde pasa. Horrela, bertako abeltzainen eta nekazarien produktuek balio erantsia lukete”.
Aurreko zortzi urteetan PPko zinegotzi izandako Juan Antonio Extremera Apeztegiak “bidea zabaldu” duela eta bide horretan segituko dutela gaineratu zuen San Pedrok: “konkordia berrezarri”. Extremerari esker ona adierazi zioten biek.
Pixtuka
PPk antolatutako mitinaren ordu berean Faxismoai egurre leloa zuen kontzentrazioa deitu zuten. Soinua ateratzeko materiala eta nahi ziren aldarrikapenak eramateko eskatu zuten deitzaileek. Horri erantzunez 20 bat pertsonak bat egin zuten. Aurpegiak estalita zituzten eta deialdiko leloa zuen pankarta zabaldu zuten kiosko parean, Guardia Civilak ez baitzien gehiago hurbiltzen utzi. Handik hainbat lelo oihukatu zituzten mitinak iraun zituen 15 minutuetan. Baita PPkoak joan ziren arte. Besteak beste: zuek faxistak zarete terroristak; kuneteros kanpora; faxistak; lotsagabeak; presoak kalera, amnistia osoa; zure zergak pagatu; Alde hemendik, utzi bakean; Txakurrada, kanpora; Lotsagabea; Ustelak; Beltran, zor duzuna pagatu; Beltran, zordun, zergak ordaindu… Estalopetik ere oihuak entzun ziren. Akaberan bakarren batek mitinera hurbildu zen etxarriar bati faxista deitu zion.
Bostak pasa ziren PPko buruak iritsi zirenerako. PPren segizio osoa 20 bat kidek osatuko zuten. Kazetari mordoa ere etorri ziren. Orduan hasi ziren pixtuka, eltzeak jotzen eta oihuka. Hala joan zen mitin guztia. Alkategaiak hitza hartzearekin batera hasi ziren pixtuak eta oihuak. Ondoren, Alejandro Fernandezek (Bartzelonako PPko presidentea) esan zuenez, “ez gara inor probokatzera etorri. Azken hauteskundeetan herritarren % 15 PP bozkatu zuen herri batera etorri gara”. Herritar horiekiko errespetua eskatu zuen. Haien babes kopurua haziko zela iragarri zuen.
Cayetana Alvarez de Toledok (Bartzelonako diputatua) esan zuenez, “askatasunari, demokraziari, konstituzioari, Nafarroa autonomo bati eta Espainiari bai esaten duten hautagaiei eta etxarriarrei omenaldia egitera etorri gara”. Oihu egiten zutenei “erreakzionarioak, xenofoboak, tribalistak, demokraziaren kontrakoak” deitu zien. “Hitza denona da eta plaza publikoa ere. Totalitarismoa defendatzen duzue”. Alvarezek ziurtatu zuenez, “gure hautagaien jarrera Espainia konstituzionalistak bere etsaien aurrean duen nagusitasun moral infinituaren erakusle da”. Guardia Civilaren alde eta ETAren kontra egin zuen. “Etxarriko % 15 horri esan nahi diegu ez daudela bakarrik”. PSOEri esan zion konstituzionalisten eta “oihu egiten duten hauen artean erabaki” beharko duela. Ziurtatu zuenez, “Nafarroa ez da trukerako txanpona izanen”. Hasi eta buka, bi lapsus izan zituen Alvarezek. Egunon esanez hasi zuen hizketaldia eta, akaberan, larunbatean boto ematera deitu zuen.
Ana Beltranek (Nafarroako PPko burua) esan zuenez, “Etxarri Aranatzen hitz egin ezin dutenen ahotsa izanen gara. Ez ditugu bakarrik utziko”. Azken legegintzaldian Nafarroako Parlamentuan PPk abertzaletasunaren kontra egindako lana goraipatu zuen. Bere aurreko hizlariak “nazionalismoen kontrako eta askatasunaren aldeko borrokaren eredutzat” jo zituen. “Bildu-Batasuna urtetan anai handiarena egiten egon da, jendea askatasunez adierazten ez utziz”. Etxarriarrak beldurtu nahi dituzte”. Horrekin bukatu nahi du PPk. ETAk erail zuen Jesus Ulaiar Liziaga gogoan izan zuen. Eta aurreko legegintzaldietan Etxarrin PPko zinegotzi izandakoei esker ona azaldu zien.