Triku mendi martxa igandean

Guaixe 2019ko mai. 23a, 12:04

Triku Trail lasterketako bidea erakusteko mendi ibilaldia antolatua zuen Triku Trail Kirol Elkarteak larunbatean, baina eguraldi txarragatik atzeratu eta igandean egingo dute, goizeko 8:00etan

Ekainaren 30ean jokatuko da Triku Trail mendi lasterketa, Etxarri Aranazko kanpinean (20 km, 1.400 m desnibel +). Bada, mendi ibilbide hau ezagutu nahi dutenendako, igandean, maiatzaren 26an, Triku Mendi martxa antolatu du Triku Trail Kirol Elkarteak, goizeko 8:00etan Etxarriko kanpinetik abiatuko dena. Ibilbidea aurreko larunbatean egitekoa zen, baina eguraldi txarrarengatik igande honetara atzeratu dute. Antolatzaileek argi utzi dute oinezko ibilaldia izanen dela, eta Lizarrustin atsedenaldia egingo dute gosaltzeko.

Etxarriko kanpinetik abiatuta, hariztien ibilbidetik hasten da lasterketa. Aurrerago, Maitzegurretik pasatzen dira korrikalariak, eta segidan Auntzetxetik. Ibilbidean aurrera eginez, Axioren putzua pasatu ondoren Lizarrustira heltzen dira. Ondoren Txaradigorri trikuharrira jotzen dute. Horixe da eremurik gogorrena. Hortik Hirumugeta igotzen dute, Otxentara jaitsi eta Fagamendi igotzeko. Handik haritz zaharren ibilbide zoragarritik jaisten dira, eta Etxarriko kanpineko helmugan despeditzen da proba. Igandean aipatu ibilbidea egiteko aukera izango da.