Etxarri Aranatzen bikoteka korrika

Guaixe 2019ko mai. 24a, 11:47

Andra Mari ikastolaren VI. Binakako Lasterketa-Naparpellet Saria jokatuko da bihar, larunbatean, 19:00etan, 5 mailatan. Ikastolaren 50. urteurrena denez, urteurrenerako ateratako kamisetarekin egingo dute korrika parte-hartzaileek

Andra Mari ikastolaren VI. Binakako Lasterketa, Naparpellet Saria bihar jokatuko da, larunbatean, maiatzaren 25ean, Etxarri Aranatzen, 19:00etatik aurrera. Proba antolatzeko hainbat babesleren laguntza izan du ikastolak. Lasterketa aurten berezia izango da, ikastolak 50 urte betetzen dituelako, eta urteurren berezi horretarako atera dituzten kamisetak jantzita ariko dira korrikan bihar Binakako Lasterketan parte hartzen dutenak.

Lasterketarekin familian parte hartzearen balorea sustatu nahi du ikastolak, hau da, familia, jarduera fisikoa eta parte hartzea uztartzea. 5 kategoria ezberdinetan jokatuko da bikotekako lasterketa hau, Haur Hezkuntzako umeetatik hasita, helduetaraino. Haur bakoitzak heldu batekin parte hartu ahal izango du eta L.H.-ko 5. eta 6. mailakoek, aldiz, nahi duten bezala moldatu ahalko dituzte bikoteak.
G

ztira 5 lasterketa edo proba jokatuko dira, kategoria ezberdinak kontuan hartuta. Lehenik eta behin, 2 eta 5 urte bitarteko haurrek lasterketa berezia egingo dute, haien moto txikietan osatuko baitute Molto lasterketa (200 m). Ondoren, 19:15ean Haur Hezkuntzakoak ariko dira (200 m) eta 19:30ean Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak (400 m). 19:40ean Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoen txanda izanen da (800 m) eta, bukatzeko, 20:00etan, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerakoek 1.609 m osatuko dituzte, Etxarriko plazatik atera, Andra Mari ikastola berrira joan eta buelta eginez.

Photocall, sariak, auzatea…
Giroa berotzeko, bikote parte-hartzaileek argazkia ateratzeko aukera izango dute photocallean eta bukaeran auzatea eta beste izango dira. Aipatzekoa da LH 5. mailatik gorakoen artean, taldeka izena emanez gero – zozketan parte hartzeko 8ko taldeak osatu beharko dira–, Urbasa Abentura parkerako sarrerak zozketatuko dira. Eta 18 urtetik gorako bikoteek ere Borda jatetxean afari bateko zozketan parte hartuko dute. 


Izena ematea
Proba aurretik, 18:00etatik aurrera, Etxarriko udaletxeko estalopean (4 euro). Aurreko urtean 116 bikote animatu ziren ikastolako Binakako Lasterketan parte hartzera.