Musika, dantza, bertsolaritza eta artea plazan

Guaixe 2019ko mai. 24a, 14:34
'Esku harriak' ikuskizunaren kaleko bertsioa Baionan. MUGMUS LABORATEGIA

'Esku harriak, Oteizaren (h)aria' ikuskizuna izanen da igandean, 19:30ean, Etxarri Aranazko Zelai berriyen

Oteiza artistaren iruditeria oinarri hartuta, MugMus laborategiak espazio eszenikoan dantza, musika, hitza, bertsolaritza eta eskultura-eszenografia diziplinak uztartzen dituen Esku harriak, Oteizaren (h)aria ikuskizuna sortu dute. Igandean, maiatzaren 26an, 19:30ean, Etxarri Aranazko Zelai berriyen emanaldia eginen dute, Musika plazan zikloaren barruan. Eneko Lazkoz etxarriarra izanen da bertsolaria.

Oteiza artista da Esku harri ikuskizunaren erdigunea. "Pertsonalki erakarri nauen pertsona bat da. Euskal artista hegemonikoena izan da, eta ez digute bere berririk eman. Gaur egun eta azken hamarkadetan itzala handia izan duela konturatu ginen, eta berarengana hurbildu naiz". Beñat Ralla ikuskizunaren sortzailea da. Ginebrara musika eta mugimendua uztartzen zituen pedagogia ikastera joan zen, eta ikasketetan hainbat eszenaratze egin behar zituen. Oteizaren irakurtzen eta dokumentatzen hasi zen, eta Master Amaierako Lanerako 15 minutuko lan bat prestatu zuen, "hor hasi zen guzti honen hasiera". Ondoren, Euskal Herrira itzuli zenean sormenetarako diru laguntzetara aurkeztu zen eta bere proiektua aukeratu zuten. Beraz, lana "modu sendoago" batean garatzeko aukera izan zuen, eta MugMus laborategia sortu zuen.

Erronka "artistiko-estetikoa"
"Artistarekin batera pertsonai bat da Oteiza". Esku harriak ikuskizuna artistarengana hurbiltzeko eta "ikasteko prozesu artistiko" bat izan da Rallarendako. Oteizaren iruditeria ikuskizunean agertzen diren elementuren bitartez agertzen dira. "Oteiza oso artista eklektikoa da. Ez zen lengoaia batera bakarrik mugatu, nahiz eta eskultura izan zen bere ekarpen nagusia. Obsesio antzeko bat zeukan cromletxekin, euskal historiaurrearekin, hutsunearekin eta bere kutxa metafisiko horiekin, eta hainbat euskal elementuri irakurketa estetiko artistiko bat aitortu zien". Hortaz, Oteizaren iruditeria jorratu nahi zutenez, bere iruditeriaren parte den "gehien hori" bildu dute Esku harri ikuskizunean: "guretzat herrikoiak diren elementuei erreferentzia berezia egin zien: frontoia, txalaparta, bertsolaritza...". Xalbador bertsolaria asko miresten zuela azaldu du Rallak. "Erronka artistiko-estetiko bat izan da".

Dantza, zuzeneko musika, bertsolaritza eta eskultura diziplinak uztartzen dira, beraz, Esku harriak ikuskizunean. Gainera, lauak modu "orekatuan" uztartzen direla azaldu du Rallak. "Xabi Paia bertsolariak esan zigun lehenengo aldia zela ikuskizun batean bertsolaritza ez zela gehigarri bat bezala ikusten, hau da, bertsolaritza emanaldia artikulatuta zegoela. Piropoa izan zen guretako. Hori zen gure asmoa".

Eneko Lazkoz bertsolaria
Esku harriak ikuskizunaren bi bertsio daude: antzokikoa eta kalekoa. Antzokikoan bertsolaritza agertzen da, baina ez daude bertsolaririk. Kalekoan, aldiz, herri bakoitzean eta emanaldi bakoitzean bertsolari desberdin bat dago. Hortaz, igandean, Etxarri Aranazko emanaldian, Eneko Lazkoz etxarriarra ariko da.  "Emanaldia hasi aurretik azaltzen diogu zein den emanaldiaren egitura eta zein momentu zehatzetan bota behar duen bertsoa. Printzipioz zein neurrikoa izan behar den zehazten saiatzen gara". Erabat inprobisatua da bertsolariaren jarduna. "Bertso bat mugimendu bati botatzea izan daiteke, edo argazki eszeniko bati, edo gerta liteke bertsoa osatzeko azkeneko puntua ematea". Ariketa desberdinak jartzen dizkiete bertsolariei.

Ikuskizun oso interesgarria dela esan du Rallak. Izan ere, bertsolari guztiak desberdinak direnez "polita" da ikustea nola murgiltzen den bakoitza "gure proposamenean. "Agian ez du emanaldiaren muina ikaragarri desbideratuko, baina bere aldera eraman dezake, alde metafisiko giro horretatik jo dezake edo besterik gabe plaza bateko itxura hartu".