Familian eta lagun artean kirola eginez ongi pasatzea. Hori da Andra Mari ikastolaren VI. Binakako Lasterketa-Naparpellet Sariaren helburuetako bat eta beste behin, bete egin zen. Proba hasi baino ordu bat lehenago izena ematea zabaldu eta binaka, proban aritzeko inskripzioa egitera hurbildu ziren makina bat neska-mutiko, heldu eta txiki udaletxeko estalopera. Txikienek moto lasterketan parte hartu zuten, banaka, baina gainontzeko guztiek bikoteka osatu zuten lasterketa.
Eguraldi txarra zegoen iragarrita, baina lasterketek iraun bitartean ez zuen euririk egin. LHko 5. mailatik beherakoek heldu batekin batera hartu zuten parte proban, eta LHko 5. mailatik gorakoek, aldiz, nahi zuten bezala osatu zituzten bikoteak, helduekin, lagunekin edo ikaskideekin. Bikain pasa zuten guztiek, Etxarriko plaza bete zuten zaleen txalo zaparradak lagun. Guztira 110 bikotek hartu zuten parte Andra Mariko Binakako lasterketan.
Giroa berotzeko parte-hartzaileek photocallean argazkia ateratzeko aukera izan zuten eta bukaeran auzatea egon zen. Aurten, binakako lasterketa are bereziagoa izan zen, Andra Mari ikastolak 50 urte bete dituelako eta aurki, ekainaren 8an, ospakizun berezia izango delako Etxarri Aranatzen. Horrela, Binakako proban parte hartu zutenek urteurren berezi horretarako egindako kamisetak zituzten jantzita.