Iosu Igoaren domina

Guaixe 2019ko mai. 29a, 12:53

Espainiako Federazioen Arteko Gazteen mailako Pilota Txapelketan Nafarroa izan da txapelduna, Igoa-Apezetxearen eta Esparza-Amatriainen garaipenei

Asteburuan Espainiako Federazioen Arteko Gazteen mailako pilota eta erramintako finalak jokatu ziren, eta Nafarroa izan da txapelduna, bere pilotariek egindako lan bikainari esker.

Lehenik eta behin, Iosu Igoa etxarriarrak eta Antton Apezetxeak Nafarroa ordezkatu zuten Binakako finalean, eta Errioxako ordezkari Jorge Fernandez eta Alvaro Garcia izan zituzten aurkari. Joko sisteman jokatu zen finala, hau da, 10 tantoko bi partidara, eta bi jokoetan nafarrak gailendu ziren. Lehen jokoan Igoak eta Apezetxeak agindu zuten, eta hasieratik hartu zuten aldea, 10 eta 2 irabaztera arte. Aldiz, bigarren jokoa askoz ere lehiatuagoa izan zen. Errioxarrak 5 eta 0 aurreratu ziren, baina Igoak eta Apezetxeak bosna berdintzea lortu zuten. Beste bi tantoko aldea lortu zuten errioxarrek, eta atzera ere berdindu zuten nafarrek. Igoak eta Apezetxeak tentsioari ongi eutsi zioten eta tanto bikainak egin zituzten; horrela, bigarren jokoa 10 eta 8 irabazi zuten eta finala irabaztea lortu zuten.

Beste partidan, erramintan, Esparza eta Amatriain nafarrek Fernandez de Arkaia eta Maisterra nafarrak izan zituzten aurkari pala motzeko finalean. Bi jokotan gailendu ziren Esparza eta Amatriain (15-7 eta 15-6).