Herri garbi baten alde!

Guaixe 2019ko eka. 3a, 09:25
Etxarri Aranazko Udalak zabaldutako mezuetako bat.

Herria garbi mantentzea etxarriar guztien ardura dela eta gogoraraziz kanpaina martxan du udalak.

Etxarri Aranazko kaleetan botatako zabor asko dago: zigarrokinak, pipa azalak, poltsak, litxarrerien bildukiak… Baita jaso gabeko txakur kaka ugari ere. Batez ere parkeetan. Begirunerik ez duten animalien jabeek utzitakoak. Etxarri Aranazko Udalean pentsatzen dute bai bata bai bestea ez direla onargarriak, herria zaindu beharra dagoela.



Bi jokabide oker horiez kontzientzia hartzeko kanpaina garatu du udalak, kartel batzuk dituena oinarri. Haietako batean zera irakurri daiteke: Ez da onargarria, zaindu gure herria. Ez bota zaborrik lurrera Bestean, berriz: Ez da onargarria, zaindu gure herria. Jaso txakur kakak. Udaletik gogorarazi dutenez, “herria garbi izatea txukunagoa eta atseginagoa izateaz aparte, beharrezkoa da ingurumena zaintzeko”. Eta gaineratu dute: “garbitasuna ez zikintzearekin lotu beharra dago, eta ez gehiago garbitu behar izatearekin. Zaborrik onena sortzen ez dena baita”.  



Bustitako zapien arazoa
Udaletik dei egin diete etxarriarrei komunak zakarrontzi bezala ez erabiltzeko. “Komuneko-zulotik zapi bustiak ez bota. Propagandan jartzen du biodegradagarriak direla, baina gero ur hodietan pilatuta geratzen dira, eta izugarrizko ataskuak eta kalteak sortzen dituzte”. Horrek “arazo handiak” sortzen dizkiola jakinarazi dute udaletik.