Yeah!

Guaixe 2019ko mai. 31a, 14:30

Jo & Swiss Knife taldea Burlatako kontzertu batean.

Jo & Swiss Knife country taldearen kontzertua izango da Etxarri Aranazko 'Musika plazan' zikloan, igandea, 19:30ean

Iruñea, 2014. urtea. Jo-k hainbat abesti egin zituen eta grabatu nahi zituen. Orduan, Aritz SwissKniferekin eta Al Albertorekin elkartu zen. Music from small pink izeneko diskoa editatu zuten orduan. Horrela sortu zen Jo & Swiss Knife taldea. Country talde bat da, baina oinarrian folk dagoela esan dute taldekideek: "folk-a gustukoa dugu eta erakartzen gaitu. Folk iparamerikarra, oro har". Taldekideek aurretik "hainbat musika mota" jo bazituzten ere, "armonia bokalak" elkartu gintuela azaldu dute. Igandean Etxarri Aranazko Musika plazan zikloaren azken aurreko kontzertua eskainiko dute, 19:30ean, plazan.

Countrya egiten duen talde bat da Jo & Swiss Knife, baina ez du soilik countrya jotzen. "Landa mundua eta tranparik gabeko musika gustuko dugu". Hortaz, bluegrass, old-time edo pukgrass bezalako doinuak ere jotzen dituzte. Countrya edo folk amerikarra, taldekideek azaldu dutenez, Ameriketara bizitza hobeago baten bila joan zirenek sortu zuten. "Bertan kultur, musika mota, musika tresna desberdinak elkarbizitzen hasi ziren: Europako hainbat herrialdeetako gitarra edo mandolina, afrikar jatorriko banjoak edota jatorri judutarreko biolinak, esaterako". Jende horren elkarlanaren ondorioz folk amerikarra jaio zen.

Musika estilo ugarietatik jasotzen dute eragina, esaterako,  The Band, Avett Brothers, Chris Thile, Buddy Miller, Levon Helm eta Old Crow Medicine Show dira taldekideek entzuten dituzten taldeetako batzuk.

Erabilera asko duten Swissknife labanei erreferentzia eginez, Jo & Swiss Knife izena sortu zuten. "Jo-k, Aritzen laguntzarekin, bideoklip bat grabatzeari ekin zion eta Aritzek egoera, arazo eta afera desberdinei aurre egiteko duen gaitasuna ikusita labanei erreferentzia egin genion". Taldea Jo, SwissKnife, Al, Quiff eta LongJ musikariek osatzen dute.

"Haserrea" islatu du Jo & Swiss Knife taldeak Unwanted hirugarren diskoa. Taldekideek esan dutenez, "gure kasa egiten ditugu gauzak, kanpoko presiorik gabe". Hala ere, geroz eta profesionalagoak eta inkonformistagoak direla esan dute, "eta gauzak ongi egin nahi ditugu". Gutxiengo sozialak eta zapuztuak dira abestietako protagonistak: arrazoi desberdinetatik gizartetik at edo gizarteratzeko arazoak dituztenak, inmigrazioa, emakumezkoak, guda zibileko fusilatu bat, bankariak eta politikariak agertzen dira, besteak beste. "Guztia haserrez, malenkoniaz eta umorez jorratzen dugu, gaiaren arabera". Ingelesez abesten dute, izan ere, "musika hau hizkuntza honekin jaio zen" eta taldekideak "eroso" sentitzen dira ingelesez lan egiten. "Sonoritatea da arrazoi nagusia":

Etxarriko Musika plazan zikloan egongo da Jo & Swiss Knife taldea igandean, 19:00etan, baina ez da Sakanako herria bisitatzen duten lehenengo aldia. Duela bi urte kontzertua eskaini zuten eta "oso ondo jaso gintuzten. Oso publiko jatorra, arretatsu eta musika entzuteko interesa zuena eta oso animatua aurkitu genuen". Amaitzean zoriontzeko eta diskoak erosteko jende asko hurbildu zitzaiela esan zuten.