Joanes Bakaikoa aurrera sanferminetako lau t’erdian

Guaixe 2019ko eka. 3a, 14:25

Baiko pilotako adarreko atarikoan, Bakaikoak ezustekoa eman zuen eta 22 eta 16 irabazi zion Victor Estebani

Larunbatean sanferminetako lau t’erdiko tornekoko Baiko pilota adarreko bi atariko jokatu ziren Labriten. Tartean, Joanes Bakaikoa etxarriarrak Victor Esteban izan zuen arerio. Katedrak Victor jotzen zuen faborito, baina etxarriarrak sorpresa eman zuen eta 22 eta 16 irabazi zion errioxarrari. Joanes finago aritu zen, Victorrek baino akats gutxiago egin zituen eta erregularragoa izan zen. Sanferminetako lau t’erdiko final zortzirenetan, Joanes Bakaikoak Laso izango du aurkari ekainaren 15ean Zubirin.