Etxarri Aranatzek Irurtzuni lekukoa hartuko dio, eskola mailako tropela larunbatean Etxarri Aranatzen lehiatuko baita. Hain zuzen ere 16. San Kiriko Txirrindularitza Saria egongo da jokoan, larunbatean, 16:00etatik aurrera. Lehenik eta behin ginkana probak jokatuko dira, eta, ondoren, errepideko lasterketak. Irurtzunen bezala, Sakana Group-Aralar txirrindularitza taldeak antolatuko du proba.
Ginkanako proben ondoren, lasterketak hasiko dira. Burundabide kalean, errepidean, kilometro bateko zirkuitua prestatuko dute, kruzetik Bakaiku alderantz. Promesen mailakoek itzuli bat, hasiberriek hiru itzuli, kimuek 8 itzuli eta haur mailakoek 10 egin beharko dizkiote.
Esan bezala, aurreko larunbatean Irurtzunen aritu ziren eskola mailako txirrindulariak, eta Burunda eta Aralar klubeko txirrindulariak bikain aritu ziren.