Etxarriarrek patroiaren eguna ospatuko dute gaur

Guaixe 2019ko eka. 13a, 10:20
Kuadrilak merendatzera elkartuko dira.

Lagun kuadrilak Andra Mari ermitaren inguruan merendatzera elkartuko dira gaur.

San Kiriko da Etxarri Aranazko patroia eta festa izanen da herrian gaur, arratsalde partetik aurrera batez ere. Hala ere, eguerdian meza izanen da eta elizkizunaren ondoren eliz atetik soroak bedeinkatuko dituzte, uzta ona eskatuz. Ospakizunaren erdigunea Andra Mari ermitaren ingurua izanen da. Lagun kuadrillak merendatzera 19:00ak aldera elkartuko dira. Mokaduak laguntzeko udalak banatutako ardoa izanen dute lagun.

Afari-merendua despedituta kintoetako batzuk ermitako ate parean Dantzakia dantzatuko dute, 20:30ak aldera. Hango dantza saioak despedituta etxarriarrak kalejiran herrira jaitsiko dira. Han Ken Bat taldeak eskainitako dantzaldia izanen da, 20:30etik 23:00etara eta 00:00etatik 02:00etara. Jakina, eguraldiak laguntzen badu lagun kuadrila batzuk hitz eta putz, edo kanta egiten geldituko dira ermitaren ondoan.