Zapi hezeak komunera ez botatzeko deia

Guaixe 2019ko eka. 18a, 09:15
Zapi busti pila hoditik aterata.

Udalak gaztigatu du arazoak sortzen direla estolderia sarean.

Etxarri Aranazko Udalak herritarrei eskatu die eskuzapi hezeak komuneko zulotik behera ez botatzeko. Udaletik gaztigatu duenez, “zapi bustien pilaketek izugarrizko trabak eta matxurak sortzen dituzte herriko ur-sarean”. Udala arduradunek gaineratu duenez, “eskuzapi heze horiek hainbat zuntz sintetiko eta substantzia dituzte, eta ez dira biodegradagarriak, nahiz eta publizitatean hori jarri. Gainera, kalte handia eragiten diote ingurumenari”.

Komunetako zulotik botatako zapi bustiek Europan urtero 500 milioi euro baino gehiagoko gastua eragiten dute, hoditeria sareetan pilatu eta hondatu egiten dituztelako. Udal arduradunek argitu duenez, “Etxarriko ur-sarean ere arazo handiak sortzen ari dira”. Horregatik, komuneko zulotik zapi bustirik ez botatzeko deia egin du.