Ospakizuna kultur etxean egindako ekitaldiarekin abiatu zen. Olaia Martiarena pedagogia zuzendariak gogorarazi zuenez, guraso eta herritar talde batek abiarazitako ametsa izan zen seme-alabak euskaraz eta euskal kulturan heztea. “Iraunkortasun, ilusio, inplikazio eta, azken batean, ikastolak herri proiektu bezala sustatzeko nahiak posible egin zuen gaur egun dugun ikastola”. Martiarenak gogoratu zuen Sakanako herri askotan erein zutela gurasoek ikastolaren hazia. “Izugarria izan zen eta izaten da familien eta herritarren ahalegina”.
Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidente Elena Zabaletak Andra Mari ikastolaren irudia aitzaki hartu zuen. Esan zuenez, bost hostoek berarendako identitatea, aniztasuna, historia, elkartasuna, sormena, jasangarritasuna eta eraldatzailea. Edo bestela, esanda: “ikastolan parte hartzen duen pertsona bakoitza inportantea da; 14 herrietako ikasle eta familia hartzen ditu ikastolak; herritik sortutako eta herriarendako lan egiten duen kooperatiba dela; elementu klasikoei bizi berria emateko erraztasuna; 50 urteko ibilbidean ikastolako kide izan direnak egungoaren ongarria dira; etengabe hezkuntza eredua eraldatzen jardute dugulako, beti auzolanean”. Zabaletak despeditzeko, Andra Mari ikastolari “etorkizun oparoa eta emankorra” opa zion.
Ikasle boskote baten bidez sortzaileek, langileek, bidelagunek, familiek eta ikasleek aitortza jaso zuten Andra Mari ikastolaren 50. urteurren ekitaldian. Bideo proiekzioak eta akaberako aurreskua borobildu zuten urteurreneko ekitaldia, kultur etxean zeuden hainbat pertsona negar malkotan eta hunkituta utzi zutena. Areto nagusitik txikira pasa zen jende asko, han zegoen argazki proiekzioa ikusteko.
Ordurako plazak ikuspegi ikusgarria zuen, Mundiño eta Maiza arteko tartean bazkarirako mahaiak eta aulkiak jarrita zeuden. Gerora 800 bat pertsonek bete zutenak. Aspaldi elkartu gabeko ikasle ohiak elkarrekin ikusteko eta edota haiek euren irakasleekin hizketatzen ikusteko aukera izan zen larunbatean. Kontu kontari izan ziren mahaiaren bueltan guztiak. Baina baita kalkuluak egiten ere, 6,5 litroko ontzi batean zenbat txitxirio sar zitezkeen, erronka hori jarri baitzuten antolatzaileek. 10.330 zirela jakin zuten. Ordurako Beietz taldea kioskoan prest zegoen eta haien emanaldiarekin jaso zen mahaietatik jendea. Haurrak puzgarrietan zeuden bitartean, iluntze aldera Tximeletak jarri zituen dantzarako doinuak. Afaltzeko ogitartekoak ere hainbaten eskutan izan ziren, parranda luzatzeko. Edo egun eder baten ondoren, ohera gustura joateko.