Sanadrianerako astelehena pasata

Guaixe 2019ko eka. 14a, 14:43
Basotik herrira bost kilometroko kalejira egin ondoren herrian dantzan bukatzen dute etxarriarrek.

Atzoko San Kiriko eguneko astelehena pasa eta igandean San Adrian ospatzeko asmoz izanen dira makina bat etxarriar.

Patroiaren eguna, San Kiriko, atzo ospatu ondoren, Etxarri Aranazko etxe askotan igandean ospatuko den San Adrian prestatzen hasiko dira gaur. Igandean udal berriaren aurreneko ekitaldi ofiziala izanen da, txistulariak lagun 09:00etan udaletxetik abiatuko da beheko basorantz. Udala eta herritarrak bidean diren bitartean udaleko langileak gosaria, fritada, prestatzen ariko dira, udala iristen denerako. 11:00etan izanen da gisatutako haragia eta haren saldarekin egindako zopa zerbitzatzen hasten direnerako. Tripan oinarri hori jarrita, ardoa eta alkoholik gabeko edaria zerbitzatzen hasiko dira.

Batzuk kupelen ondoan dauden bitartean, besteak mahaiak prestatzen eta bazkaria ontzeko suak piztuko dituzte. Haietan haragia erreko dute edo, ondoren, etxetik prestatuta eramandako eltzeak berotuko dituzte. Eguerdian ermitan meza izanen da eta handik aterata udaletxeko mahaiaren ondoan, 13:00etan dantzari txikiek dantza eginen dute. 15:00ak bitartean etxarriarrak, kupelen inguruan batzuk, familien mahaietan besteak, kontu kontari izanen dira.

Bazkaldu eta gero, 17:30 aldera, txistulariek mahairik mahai eramanen dituen ibilbidea eginen dute eta hainbat tokitan geldituko dira, jendeak jotak eta porrusaldak dantzatu ditzan. Buelta eman eta gero, 18:00etan kintoek dantzakia dantzatuko du. 19:00etan etxerako bidea hartu aurretik, Gernikako Arbola kantatuko da. Eta behin hori eginda herrirako kalejira luzean abiatuko dira etxarriarrak, dantzan eta kantatzen. Indarrak hartzeko lau geldialdi eginen dituzte eta haietan ardoa eskainiko zaie. Azkenekoan, Basopokalekoan, jende askok afaldu eginen du. Handik herrirako tartea kalejira Dantzaki segida etengabe bat bihurtuko da, plazako zelai berrian despedituko dena. Txistulariei Trikidantzek hartuko die lekukoa kioskoan, 20:00etatik 21:00etara eta 22:30etik 2:30era.

Udalaren oharrak
Etxarriar guztiak festaz gozatzeko udaletik gaztigatu dute ez uzteko erromerien prestaketan etxeko andreen esku, prestaketa lanetan denak inplikatzeko deia egin du. Bestetik, alkoholaren kontsumo arduratsua egitea gomendatu dute udaletxetik. Aldi berean, udalean gogorarazi Etxarri Aranatzen ez dugu eraso matxistarik edo bestelakorik onartzen.

Ospakizuna garbia izateko, sortutako zabor guztia jasotzeko eskatu dute udaletik, zikinkeria-arrastorik ez uzteko. Udaletxeko mahaian, hautsontzi eramangarriak eskuratzeko aukera izanen da, zigarrokinik lurrera ez botatzeko. Mahaiak eta bestelako tresnak hurrengo egunerako jasotzeko eskatu dute udaletxetik.

Etxean bezala, basoan ere hondakinak sailkatzea eskatu dute udaletik. Lan hori errazteko udaletxeko mahaian poltsak izanen dira behar duten guztiendako. Urtero moduan edukiontziak ere jarriko dituzte. Udaletik gogorarazi dutenez, edukiontzietan ontzi arinak eta errefusa poltsa garden edo transparenteetan bota behar dira, eta organikoa poltsa biodegradagarrietan. Kristalaren kasuan, nork berea etxera eraman beharko du, basoan ez baita kristala jasotzeko zerbitzurik izanen.

Bazkariak prestatzeko suak behar baino gehiago ez egitea eta haiek partekatzeko gomendatu du Etxarri Aranazko Udalak. Horrela, basoan ahalik eta kalte gutxien sortuko da. Eta piztutako suak
zuhaitz txikien ondoan ez egiteko eskatu du, suak estres hidrikoa eragiten duelako.

San Adrian ospakizuna dela eta, larunbatetik astelehenera bitartean basoan autoz sartzeko ez da txartelik beharko. Hori bai, segurtasun arrazoiengatik komeni da basoan ahalik eta kotxe gutxien egotea. Horregatik, autoak partekatzeko gonbidapena egin du udalak. Beste aholku sorta ere eman dute udaletik: aparkatzean oinezkoei tokirik ez kentzeko eta beste autoei pasa utzi; autoekin bideetatik ez atera, ezpondak ez kaltzeko eta lohirik ez sortzeko eta, arratsaldean, komeni da herrira joan nahi duten autoak udalaren kamioaren aurretik ateratzea (19:00ak baino lehen), gero oztoporik ez sortzeko.

Erlazionatuak