Bakaikoa aurrera Sanferminetako lau t’erdian

Guaixe 2019ko eka. 17a, 12:27

Baiko adarreko final zortzirenetan Bakaikoak 18 eta 22 hartu zuen mendean Laso eta final laurdenean Aimar Olaizola izango du aurkari

Larunbatean Sanferminetako lau t’erdiko Baiko adarreko final zortzirena jokatu zuten Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Unai Lasok Zubiriko Esteribar pilotalekuan. Hasieran Joanes Bakaikoak alde polita atera zion Lasori, 1-6 eta 2-7, baina Laso partidan sartu zen eta hortik aurrera bi pilotariak parez pare aritu ziren, lehen zatian bereziki, 13 eta 14 gerturatzea lortu baitzuen Lasok. Baina bigarren tartean Joanes Bakaikoa hobeto aritu zen. Unai Lasok akats dezente pilatu zituen –9 akats egin zituen guztira– eta etxarriarrak partida serioa egin zuen, fisikoki hobe aritu zen, errematean gehiago asmatu zuen eta akats gutxiago egin zituen –soilik 2 pilota galdu zituen–. Horri guztiari esker, 18 eta 22 irabazi zuen Joanes Bakaikoak.

Igandean Olaizola aurkari
Horrela, Sanferminetako lau t’erdian aurrera egin du aurrelari etxarriarrak eta Baiko adarreko final laurdena jokatuko du igandean, San Juan bezperan, 17:00etan, Beasainen, Olaizola II.aren kontra. Olaizolak bost aldiz irabazi du Sanferminetako lau t’erdiko txapelketa eta bera da aurrera egiteko faboritoa, baina Joanes Bakaikoa sorpresa emateko prest dago.