Kapera egin dute apaizetxean

Guaixe 2019ko uzt. 3a, 12:57

Francisco Perez Gonzalez apezpikua bertan zela mustu zuten joan den ostegunean.

Araña kalean dagoen apaizetxeko beheko partean, garai batean ikastola eta ondoren ludoteka egon zen tokian, kapera dago gaur egun. Francisco Perez Gonzalez apezpikuak kapera berria sakratu egin zuen garagarrilaren 20an. Apezpikuak berak eta Etxarri Aranazko apaiz Antonio Lopezek eman zuten aurreneko meza kapera berrian. Data propio aukeratu zuten. Izan ere, “urtean badira eguzkiak baino argitasun handiagoa ematen duten hiru ostegun: ostegun santua, Corpus Christi eta Jasokundea. Korpusa igandera aldatu zuen elizak, baina, berez, ostegunean zen”. Horregatik, kapera mustu zuten hilaren 20an.

Lopezek berak azaldu digunez, “astegunetan mezara 20 eta 40 pertsona artean joaten dira. Eliza polita eta handia dugu, baita hura berotzeko gasolio kontsumo handia ere”. Arrazoi horrek eraman zuen Etxarri Aranazko parrokia apaizetxearen beheko partean kapera bat egitera. Lopezek argitu digunez, “espazio txiki eta beroa da, argia”. Lopezek argitu digunez, parrokiako kideak arduratu dira kapera egiteko lanez, eta esker ona azaldu die.

Kaperaz
Kaperako erretaula Etxarri Aranazko pintura tailerreko kideek margotu dute. Ama Birjinak zendutako bere semea besoetan duela ageri da. Erretaularen alde banatan pilare bana daude. Baten gainean Ama Birjinaren irudia dago eta bestean sagrarioa. Haien aurrean aldarea dago, oinarrian Aralarko aingeruaren irudi bat duena. Parean Arroniztik jasotako dohaintza: bankuak. 80 bat pertsona sartzen dira. Kaperako paretak egurrez forratuta daude. Pellet-eko berogailua du kapera berriak. Araña kaletik sartuta, etxegabekoendako bi gela eta dutxak daude ere.

Kapera berriak astelehen eta asteazkenetan 09:00etan hartuko ditu elizkizunak. Astearteetan, ostegunetan eta ostiraletan 19:00etan (neguan) eta 20:00etan (udan). Larunbateko mezak Andra Mari ermitan izaten dira, arratsaldez. Igandeetan elizkizuna 12:00etan da. Lopezek Etxarri Aranatzen hirugarren urtea egin du apaiz. Etxarri Aranazko apaiza izateaz aparte, Lizarragakoa eta Iruñeko kartzelakoa ere bada.