Nafar tortilla ezagutzeko gonbidapena

Guaixe 2019ko eka. 28a, 13:35

Gaur, 20:30ean, plazan garai bateko patata-tortillen berri emanen dute.

Nafarroako Gorteei 1817an egindako eskarian patata tortillaren aurreneko aipamena jasotzen da. Gorteendako gutun horretan nafar nekazarien bizimodu eta elikadura deskribatzen duen pasarte batean dago patata tortillaren lehen deskribapena: “bospaseirendako bizpahiru arrautza, gure emakumeek arrautza gutxirekin handia eta lodia egiten dakitelako, patatak, otapurrak eta beste zerbait nahastuz”.

Juan Inazio Hartsuaga ikerleak opatu zuen aipamena eta nafar tortillaren aurreneko aipamenaren 200. urteurrena Iruñean 2017an ospatu zuten. Lehiaketa egin zuten orduan. Otapurrak dituen Nafar tortillaren zabalkundean ari dira ordutik eta gaur hari buruzko hitzaldia emanen dute Etxarri Aranazko plazan, 20:00etan. Ondoren, nafar tortilla nolakoa den erakutsiko dute. Etxarri Aranazko Udaleko kultura sailak jakinarazi duenez, ferietako igandean nafar tortillen lehiaketa eginen da.