Igandeko Triku Traila ordu bat aurreratuko dute

Guaixe 2019ko eka. 28a, 13:15

Iragarritako berotzarraren aurrean, ordu bat lehenago, goizeko 8:30ean abiatuko dira korrikalariak Etxarri Aranazko kanpinetik, 21 km-ko buelta ikusgarria egiteko. Antolakuntzako Igor Artiedak hartu behar izan duten erabakiaren berri eman dute

Triku Trail Kirol Taldea igandeko lasterketako azken ukituak prestatzen ari da buru-belarri. Eta azken orduko erabaki bat hartu behar izan du antolakuntzak. Igandean, goizeko 9:30ean zen abiatzekoa Triku Trail Mendi Lasterketa, Etxarriko kanpinetik, baina iragarritako bero olatuarengatik antolakuntzak azken orduko erabakia hartu behar izan du: beroari aurre egiteko lasterketa ordu bat aurreratzea. ʺBero handia iragartzen dute, eta korrikalarien osasuna eta segurtasuna bermatze aldera irteera ordu bat aurreratzea beharturik ikusi dugu gure burua. Honek antolakuntzan eragina dauka, guztia aurreratu beharra dugulako, baina hoberena delakoan gaude” diote antolakuntzakoek. Hortaz, 8:30ean abiatuko da lasterketa.

Triku Traila 21 kilometroko proba da, 1.400 metroko desnibel positiboa duena, paraje zoragarrian. Aurten bi txapelketetarako puntuatuko du Etxarriko probak. Batetik, Euskal Mendi Federazioko Mendi Lasterketen Rankingerako puntuagarria izango da eta, bestetik, Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria izango da. Proba antolatzeko hainbat entitate eta babesleren laguntza izan du antolakuntzak, Etxarriko Kanpina, Etxarri Aranazko Udala, Nafarroako eta Euskal Herriko Mendi Federazioak eta hainbat komertzio.

Betiko ibilbide zoragarria
Harizti, pagadi eta trikuharrietatik barna ibiliko da Triku Trail, paraje zoragarrian. Etxarri Aranazko Trikuharrien ibilbidea da lasterketaren oinarria, luzatuta. Proba zorrotza da, baina ezberdina. Izan ere, Triku Traila gehienbat basoan garatzen da. Kanpinetik abiatuta, hariztien ibilbidetik haritz eta pago artean ia estalita ibiliko dira korrikalariak, itzalpean. Aurrerago, Maitzegurretik pasatuko dira korrikalariak, eta segidan Auntzetxetik. Ibilbidean aurrera eginez, Axioren putzua pasatu ondoren Lizarrustira helduko dira. Ondoren Txaradigorri trikuharrira joko dute. Horixe izango da eremurik gogorrena. Hortik Hirumugeta igoko dute, Otxentara jaitsi eta Fagamendi igotzeko. Handik haritz zaharren ibilbide zoragarritik jaitsiko dira, eta Etxarriko kanpineko helmugan despedituko da proba.

Korrika egiteko sekulako basoa da, gorabeheratsua, malda gogorrekin eta malda suabeekin. Horrek gogortasuna ematen dio probari eta jendeak oso gustuko du. Horregatik ez dute ibilbidea aldatzen. Triku Trailean aritzeko aurretiazko izena ematea atzo, ostegun gauean despeditu zen. Aurreko urtean proban aritzeko dortsalak despeditu ziren, 350 korrikalari aritu ziren eta gizonezkoetan Antonio Martinez (1:43:55) gailendu zitzaion Beñat Katarain lakuntzarrari (1:45:04). Emakumezkoetan Oihana Azkorbebeitiak errekorra apurtu zuen (2:02:113) eta Maite Zabaleta etxarriarra izan zen lehen sakandarra (2:47:19).

Beroa etsai
Iganderako 30 gradutik gorako tenperaturak iragarri dituzte eta beroa izango da korrikalarien arerioetako bat. Horregatik, ongi hidratatzea ezinbestekoa izango dute korrikalariek. Horretarako, 8 hornidura gune izango dira ibilbidean barna, horietatik 4 likido eta solidoekin eta beste 4 likidoekin. Triku Traila jokatzen den bitartean Etxarriko kanpinean eta probako inguruetan giro oso polita sortzen da, eta proba jarraitzera gerturatzeko deia egin du antolakuntzak. 


Sariak, opariak eta auzatea
Antolatzaileek 1.200 euro banatuko dituzte sarietan. Lehendabiziko gizonak eta emakumezkoak txapela, trofeoa eta 300 euro jasoko dituzte, bigarrenek 200 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. Lehen beteranoendako, lehen sakandarrendako eta etxarriarrendako ere trofeoak izanen dira. Horretaz gain, korrikalari guztiek opari poltsa jasoko dute eta proba ondoren auzate ederra egonen da guztiendako. Proba antolatzeko makina bat boluntario ariko dira lanean. 


Triku txikia

Azken hiru urteetan bezala, igandean etxeko txikienendako Triku txiki proba ez lehiakorra antolatuko dute, neska-mutikoek ongi pasatzeko. Goizeko 8:45ak aldera abiatuko da, proba nagusiaren ondoren, eta Etxarriko kanpinaren inguruetan jokatuko da. Korrikalari asko familiarekin etortzen dira, eta etxeko txikienekin distantzia sinbolikoa duen probatxoa egitea polita iruditzen zaie Triku Trailekoei. Izena igandean bertan eman beharko da, eta bertan aritzera animatu dituzte gaztetxoak. 

trikutrail.com
Probako informazio guztia, ibilbideen tracka barne. Facebookean ere (Trikutrail).