Irati Igoa finalerdietan erori da

Guaixe 2019ko uzt. 11a, 13:54
Argazkia: artxiboa.

Asteazkenean Iruñeko Peñek antolatutako Sanferminetako Pala Txapelketako finalerdian Irati Igoak eta Saraguetak 27 eta 30 galdu zuten Espinalen eta Ardanazen kontra

Asteazken arratsaldean Iruñeko Peñen Federazioak hainbat entitateren laguntzarekin antolatutako Sanferminetako Txapelketako finalaurrekoak jokatu ziren, sanferminetan atsedenik hartzen ez duen Labrit pilotalekuan. Tartean, emakumezkoen paleta gomako finalerdia jokatu zen eta Irati Igoa Sesma etxarriarrak Saraguetarekin jokatu zuen, Espinalen eta Ardanazen kontra.

Bi bikoak parez pare aritu ziren eta lehia biziko partida izan zen, bi bikoek ez baitzuten partida galdutzat eman bukaerara arte. Azkenean, eta soilik 3 tantoren aldearekin, Espinal eta Ardanaz gailendu ziren, 27 eta 30, eta txapelketatik kanpo utzi zituzten Igoa eta Saragueta. Gaur, ostegunarekin Labriten jokatuko den emakumezkoen paleta gomako finalean Espinalek eta Ardanazek Murillo eta Arza izango dituzte aurkari.