Artisauek eta ekoizleek ferietan parte hartzeko izen-ematea zabalik dute

Guaixe 2019ko uzt. 17a, 08:47
Ferietan artisauen eta ekoizleen postuak plazan jartzen dira.

Parte hartu nahi dutenek irailaren 20ra arteko epea dute izena emateko. Aukeratutakoei irailaren 24an jakinaraziko zaie onartuak izan direla.

Etxarri Aranazko feriak lastaileko aurreneko asteburuan ospatzen dira. Udalak lastailaren 6an, igandean, 10:00etatik 15:00etara artisau eta ekoizleen azoka antolatu nahi du eta, horregatik, interesa dutenek izena emateko epea zabaldu du. Irailaren 20ra arte izanen da zabalik. Interesatuek euren proposamenak Etxarri Aranazko udaletxean aurkeztu ditzakete bulego ordutegian (10:00etatik 14:00etara) edo kultura@etxarriaranatz.eus e-postara idatzi. Argibideak nahi dituenak 948 460 004 edo 948 460 930 telefonoetara hots egin dezake.

Artisauek edo ekoizleek euren proposamena egiterakoan zehaztu beharko dituzte: nortasun agiriaren kopia, harremanetarako telefonoa, artisau ziurtagiria edo autonomoetan altan egotearen ziurtagiria, euren lanaren deskripzioa eta lan horri buruzko azalpena eta postua jartzeko beharrezko metro kopurua.

Etxarri Aranazko Udalak aukeraketa egiteko orduan honako irizpideak izanen ditu kontuan: lanaren kalitatea; lehentasuna Etxarri Aranazko eta Sakanako herritarra izateak du; artisau ziurtagiria edo autonomoetan altan egotea; lan, produktu desberdinak eta originalak lantzea azokaren aniztasuna bermatzeko; azokan bertan norbere lanaren erakustaldia egitea eta sortzailea eta ekoizlea postuan egotea.