Lagun kuadrillek prestatutako eltzekoak hara eramanen dituzte, eta merendu-afaria eginen dute. Hori egiten duten urteko bigarren eta azken eguna izanen da, herriko patroiaren egunean, San Kirikon, han elkartzen direlako ere. Udala udaletxe paretik 19:00ak aldera abiatuko da ermitarantz. Iritsitakoan etxajua botako du eta mahaietan jatekoak eltzeetatik plateretara pasako dira.
Platerak majo garbitu ondoren, kintoak eta txistulariak plazara hurbildu, eta falta diren kintoak dantzakia dantzatuko dute. San Kirikon eta San Adrianen dantzatu ez zuten kintoak izanen dira dantzatuko dutenak. Ermitako guztia jaso eta gero amerjinan eguneko ospakizunak plazara pasako dira. Han Orots taldeak dantzaldia eskainiko du, 20:00etatik 23:00etara eta 00:00etatik 02:00etara. Hala ere, egonera ona egonez gero lagun kuadrilla batzuk ermita ondoan geldituko dira, hitz eta putz edo kantatzen.