"Molestatzen gaituen guztiari egiten diogu oihu"

Guaixe 2019ko abu. 6a, 12:03
Soka lepoan taldeko kideak. UTZITAKOA

Duela lau urte jarri zuten martxan Soka Lepoan taldea. Baina orain indarrarekin itzuli dira. Agorrilaren 7an, asteazkenean, kontzertua eginen dute Etxarri Aranazko gaztetxean, 23:00etan

Soka Lepoan taldeko kideek esperientzia dute musikan. Hainbat taldetan aritu dira. Zelayika baxu-jole altsasuarrak, Santano bateria-jole altsasuarrak, Mikel abeslari arbizuarrak eta Erik gitarra-jole arbizuarrak osatzen dute taldea. Duela lau urte elkartu ziren, eta lehenengo kontzertua Arbizuko gazte elkartean egin zuten. Kristoren kontzertua izan zela esan du Erik Anduezak. "Jendez gainezka zegoen". Eta han ikusi zuten aurrera jarraitzea merezi zuela. Baina "ezbehar" bat gertatu zitzaien, eta lau urtez geldirik egon ziren. Orain, "gogo biziz" hasi dira berriz.

Altsasuko Ur festa goxoan kontzertua egin zuen Soka lepoan taldeak. Itzulera debut kontzertua izan zen. Asteazkenean, Etxarri Aranazko festetako gazte asanbladaren egitarauaren barruan, kontzertua eskainiko dute gaztetxean, 23:00etan. Haiekin Kaleko Urdangak taldea ariko da. "Ideia taldea Sakanan pixka bat zabaltzea da. Zenbait tokitatik deitu digute, eta flipatzen gabiltza". Besteak beste, Lakutzako festetako gazte egunean ariko dira; Tolosan, Irurtzunen eta Uharten ariko dira ere.

Soka lepoan taldearen historia "luzea" da. Erikek kanta ugari egin zituen Hesian taldean zebilela. "Baina Hesianen musika aldatzen zihoan heinen, nire kantuak lerro berberean mantentzea nahi nuen". Hortaz, taldea uztea erabaki zuen. Disturbio taldean aritu zen Txiki taldekidearen partez. Bi disko atera ondoren, "eta ikustean nire kantuek ez zutela taldearen musikarekin bat egiten", talde bat sortzea pentsatu zuen arbizuarrak. Beste alde batetik, Stupenda Jones talde "mitikoa" desegin  zenean, Morcillok Stupenda Jones-eko abeslariak eta gitarra joleak Stupenda Jones utzi zuenean, Erikek Santano eta Zelaiarekin hitz egin zuen, eta entseatzen hasi ziren. "Flipatuta geunden itxura oso ona genuelako". Ahots bat sartzea pentsatu zuten, eta Mikel sartu zen taldera, "Arbizuko betiko lagun saltseroa".

Street punk hard-cre melodikoa jotzen du Soka lepoan taldeak. Offsping, Nofx, Pennywise, Kortatu, Behin betiko, Non Servium, Arcada Social eta The guilty Brigade taldeak ditu oinarrian talde sakandarrak. Nahiz eta Hesian edo Stupenda Jones taldeetan egonak diren, Soka lepoan taldearen musikan "ez da ezer nabaritzen". Hortaz, "light-agoak" zirela esan du Erikek: "hau indartsuagoa da, letrak oso makarrak ditu eta molestatzen gaituen guztiari oihu egiten diogu ". Bi ahots bi tonutan enpastatzen dituztela esan du Erikek, eta egiten ari direna "asko gustatzen" zaiela aipatu du.

Arbizuko lehenengo kontzertutik orain arte lau urte pasa dira, eta lau urte hauetan sortzen aritu dira. Hortaz, 70 bat abesti dauzkate eginak. Santano bateria jolea bajan egon zen, eta, horregatik, taldearen jarduera eten egin zen. Baina entseatzen jarraitu dute. "Kristoren taulak hartu ditugu, orain zuzenean transmititzeko. Santanoren gaixotasunak ez bagaitu gelditu, ez dugu nolanahi taldea alde batera utziko". "Ezbeharrak" taldekideak elkartu ditu.

Martxa hartuta
"Kantu eta sormen falta ez dugu. Orain asko aldatu da musika kontsumitzeko modua, eta ez dugu argi nola eman ezagutzera gure musika ". Izan ere, Soka lepoan eszenara berriz atera den arren, "disko batzuk prest" dituztela esan du Erikek. Momentuz,  uda honetan single bat eta bideoklip bat kaleratuko dutela esan du, "behintzat jendeak gure musika estiloa ezagutu dezan".