Izango al da Etxarrikoa abesbatzarik hoberena?

Guaixe 2019ko ira. 24a, 11:55
Etxarri Aranazko Abesbatza 'Ahotsak' saiorako grabatzen. UTZITAKOA

Etxarri Aranazko Abesbatzak ETB1eko 'Ahotsak' saioan parte hartu du. Etzi, ostegunean, 22:05ean, Etxarrikoa agertzen den saioa emitituko dute. Esperientzia "oso abesgarria" izan da

Euskal Herriko abesbatzarik onena aurkitzea da ETB1eko Ahotsak saioaren helburua. Gainera, "Euskal Herriko abesbatzek eta euren herriek protagonismoa" dute, Mikel Jauregi Etxarri Aranazko Abesbatzako kideak azaldu duen bezala. Etxarri Aranazko Abesbatzak programan parte hartu du eta datorren ostegunean, irailaren 26an, mustuko dira telebista publikoan. 

Ahotsak saioko programa bakoitzean hiru abesbatzek parte hartzen dute. Bakoitzak hiru abesti defenditu behar dituzte, eta horren arabera final nagusirako txartela lortzen dute. Bi abesti bideoklip bidez erakusten dituzte, eta hirugarrena herri batean egiten den galan. Aurkezlea Julian Iantzi da eta Hibai Etxebarria saioko musika aditua da. Epai ez ezik, lehenengo abestiaren ondoren erronkak eta aholkuak ematen ditu Etxebarriak, abesbatzaren maila hobetze aldera. "Gurekin nahiko gogorra izan da hasieratik, eta askotan desadostasunean egon gara bere iritziekin". 

Etxarri Aranazko Abesbatzak Euskal Telebistaren deia jaso zuen saio berri honetan parte hartzeko. "Kurtso amaieran nahiko lanpetuta ibiltzen gara, baina ETBk egindako proposamena erakusleiho paregabea izango zela iruditu zitzaigun abesbatzaren izena Euskal Herrian zehar eramateko". Saioan parte hartzearen alde eta kontrak ikusi ondoren, proiektu honetan "murgiltzera" animatu ziren abesbatzako kideak. 

"Gure helburua hasieratik lan txukuna eta maila ona bat erakustea zen". Etxarri Aranazko Abesbatzak lan "dezente" egin du Ahotsak saioan parte hartzeko, izan ere, telebista saio bat izanda "ahotsek eta irudiek garrantzi handia hartzen dute".  Horretarako, abesbatzak estetika landu, abestiak buruz ikasi, erritmoa barneratu eta abar egin dute. Ohiko prestaketa edo entseguak "berbideratu" dituzte: "Alicia Armendariz gure zuzendariak lan gogorra egin du". Proiektu berri honekin "falta zitzaigun telebista esperientzia" bizi dute ere. Abesten dutenean "ongi pasatzea" da haien helburuetako bat, eta esperientzia berri honetan bete dute helburu hori ere. 

Telebista saio bat da, lehia bat, eta talent show guztietan gertatzen den bezala, "estrategia pittin batekin jokatzea ongi dago". Osteguneko saioan "lehia oso irekia" ikusiko dela aurreratu du abesbatzako kideak. "Botoak emateko garaian hausnarketa sakona egitea behartzen zuen". Beste abesbatzak puntuatzeko garaia "momenturik desatseginena" izan dela azaldu du Jauregik. "Ez gara inoren epaile sentitzen". Izan ere, parte hartzen duten abesbatzak dira boto emaileak. Azken botoak, aldiz, epaileak ematen ditu. 

Grabaketa
Koruko kide guztientzat kamara baten aurrean jartzen zen lehenengo aldia zen. "Urduritasun puntu bat denok geneukan". Grabaketak arin joan zitzaten zentratuak egotean "behartzen" zituztela azaldu du Jauregik. "Egun haietan egindako esfortzuak merezi izan zuen". Etxarri Aranazko "bazter ederretan" bi bideoklip grabatu dituzte, eta "goxotasun" osoz editatu dituztela azaldu du. 

Balkanetan gutxiengoak diren Ederlezi ijitoen kanta herrikoi erromaniar bat izango da Etxarri Aranazko Abesbatzaren aurkezpena. 2019. urtea Hizkuntza Indigenen Nazioarteko urtea izendatu zuten eta asmo horrekin hizkuntza eta jatorri desberdinez jositako kontzertu bat eskaini zuten udaberrian. Errepertorio horretan dago Ederlezi abestia. 

Lizarrako plazan grabatu zuen Etxarri Aranazko Abesbatzak gala. "Grabaketa azkar joan zen". Saioetan hiru abesbatzek sortutako bideoklipak ikusten dituzte. Hibairen iritzia entzuten dute eta botoak ematen dituzte. "Dudarik gabe galako momenturik garrantzitsuena hirugarren kanta zuzenean taularatzea da". Erronkatik kontentu atera dira Etxarrikoak. 

Esperientzia "oso aberasgarria" izan da Ahotsak saioan parte hartzea Etxarri Aranazko Abesbatzarendako: "Hibai bezala aditu batengatik jasotako gomendioengatik eta beste abesbatzek egindako lana gertutik ikusteagatik ez ezik, telebistako saio bat nola prestatzen den barrutik ikusteko aukera bizitzeagatik". "Dudarik gabe" errepikatuko zuten esperientzia, eta bigarren edizio bat egongo balitz "Euskal Herriko edozein abesbatzari parte hartzera gomendatzen" dituzte.