"Magia sentsazio metaketa bat da"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko ira. 27a, 13:01

Hodei Magoa 'Niko, banpiro txiki bat' ikuskizunean. UTZITAKOA

Oso gazte zela jakin zuen mago izan nahi zuela. Orain, Hodei Magoaren pertsonaia alde batera utzi du Niko, banpiro txikian, bihurtzeko

Niko, banpiro txiki bat familiarteko antzezlana izanen da bihar, larunbata, 17:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean. Aktoreen zerrendan Xabier Artieda akotre etxarriarra dago, baita familia altsasuarra duen Hodei Domingo ere. Domingori Hodei Magoa bezala ezagutzen zaio, eta ikuskizunean Niko da.

Niko zure lehenengo aktore lana da?
Bai. Bueno, Hodei Magoa ez da nire bizitzan naizen bezala; pertsonaia bat dago, baina gutxi gora behera berdina da. Nik sortutako pertsonai bat da. Antzezlan honetan lehenengo aldia da zuzendari bate aurrean jartzen naizela, eta berak nahi duena bilatu behar dudala. Berak nahi duena sortu behar dudala. Hau da, erronka horretan sartzen naizen lehenengo aldia da. Baina oso pozik eta oso ongi. 

Beraz, mago bezala interpretazioa garrantzitsua da ere.
Bai, baina antzezlan batean oso interpretazioa oso desberdina da. Magiaz gain istorio bat dago, argumentu bat dago eta ni ez naiz Niko den bezala. Lortu behar genuen jendeak Niko hasieratik oso ongi identifikatzea. Nola den ulertzea. Hori ez da bakarrik testuarekin lortzen; interpretazioarekin, mugimenduekin eta abarrekin lortzen da.

Musikal bat da, abesten eta kantatzen duzu.
Lehenengo aldia da abesten dudala. Dantza, aldiz,  duela urte batzuk Irrien lagunekin egin genuen ikuskizun batean egiten nuen. Oso prozesu polita izan da. Niri musikalak gustatzen zaizkit eta bat-batean musikal batean sartzea eta sortze prozesu guztia bertatik ikustea oso polita izan da niretzat. 

Gainera, magia ez duzu guztiz alde batera uzten. 
Magia dago. Niko banpiro bat da eta banpiroek ez dituzte botereak, baina bai abilidade bereziak dituela. Hori magiaren bidez islatzen dugu. Magiak kutsu oso sakona dauka ikuskizunean, eta gauza oso garrantzitsuak gertatzen dira magiari esker. Ikuskizun diziplina anitzetakoa da: dantza, musika, magia...

Nola agertzen da magia antzezlanean?
Hasieratik elkarrekin lan egin genuen. Istorioaren bozeto txiki bat zegoen eta hor begiratu genuen ea non sartu zitekeen magia. Oso justifikatuta egon behar zen, hots, ez izatea trukoak magia egiteagatik. Magia ikuskizun batean jokoa aurkezten da; antzezlanean istorioaren barruan egotea nahi genuen, ezer gertatuko ez balitz bezala. Publikoa txundituta gelditzea, baina garrantzia asko eman gabe. Ez da ikuskizuna gelditzen truko bat egiteko, istorioak jarraitzen du. Hainbat ideia proposatu nituen, batzuk aurrera egin zuten, beste batzuk alde batera gelditu ziren eta beste batzuk sortu nituen. 

Banpiro baten istorioa kontatzen da, ez al da haurrendako gai ilunegia?
Banpiro famatuena Dracula da; beti helduak eta oso ilunak dira. Antzezlan honetan Niko mutil bat da, eskolara doa. Banpiroa da, baina ez du banpiro bezala sentitzen. Berak badauka barnean dielma hori: ez daki zer den. Gizakia izan nahi du, banpiroa da... Horri buruz hitz egiten du ikuskizunak. Nikok Anika ezagutzen du, neskatila bat. Nahiz eta gizakia izan antzeko zerbait gertatzen zaio. Ez daki zer den, nola sentitzen den. Ez da beldurrezko ikuskizuna. Musikal bat da, koloretsua, eta oso ongi pasako dute, umore puntu oso politak dituena. 

Zerbait irakatsi nahi du?
Horretarako ikuskizuna ikustera etorri behar zarete. Baina, laburbilduz, nolakoak garena, nolakoak izan behar garen, zergatik izan behar garen besteek nahi duten modura... dilema horiei buruz hitz egite du. Denok dauzkagun dilemak dira, denak noizbait arraro sentitu gara: uste genuena ez garelako. Eta gu garen bezala sentitu behar gara. 

Duela urte bat mustu zenuten, eta oraindik biran ari zarete. Arrakastaren seinale?
Publikoari gustatzen zaio. Ikuskizuna desberdina da, mezu oso sakona dauka, baina haurrei iristeko eta ulertzeko oso ongi landuta dago. Agian hori da arrakastaren sekretua. Gainera, diziplina anitzekoa da ere. 

MAGOA
Zer da mago izatea?
Magia sentsazio metaketa bat da. Magia ikuskizun batean truko desberdinak daude, eta horiek egiteko pertsonaiak sortzen ditugu. Nire pertsonaia ironikoa da, batzuetan baldarra eta haurrekin harreman bitxia duena. Haur eztabaidetan sartzen naiz. Oso ongi funtzionatzen du bai haurrekin bai helduekin. Ni bizitzan ez naiz horrelakoa. 

Harry Potter inguruko txantxa guztia entzungo zenituen, baina Hodwarts magoen eskola magikoa existitzen da? Zer ikasi behar da magoa izateko?
Mago gehienak autodidaktak dira, etxean ikasi dute, baita ni ere. Nik, txikia nintzela, 11 urterekin, mago batekin hitz egin nuen eta bidea argitu zidan. Magia dendak eta hasteko irakurri behar nituen liburuak erakutsi zizkidan, eta hortik aurrera autodidakta izan naiz. Magia kongresuetara joan naiz ere. Baina ez dago mago bihurtzeko sekretu bat. Ez da bakarrik magia ikasi behar: interpretazioa dago, argiztapena, soinua, janzkera... alderdi askoetatik jakin behar da. 

Dohain bereziren bat behar da edo gogoak izatearekin nahiko da?
Nahi izatea oso garrantzitsua da. Garrantzitsuena da. Askotan galdetu izan didate: magoa jaiotzen da edo sortzen da? Aktore, magoa, zirkua, artista ez bazara jaiotzen edo oso txikitatik ez baduzu nahi hori oso zaila da gero hastea. Lotsa badaukazu ere, ken edo landu daiteke, baina beti nabaritzen da pixka bat. 

Konpainia sortu duzu, zaletasuna ogibide bihurtu duzu. 
18 urte bete nituenean saiatzea erabaki nuen. 22 urte ditut orain, eta ongi. Plazera da ikuskizunak gustatzea eta lekuetan errepikatzea. Baita leku berria ezagutzea ere. Horrek esan nahi du ongi egiten ari garela. Etxarri Aranatzera itzultzea hasieretara itzultzea da. Etxarrin egin nuen nire bigarren edo hirugarren emanaldia. 12 urte nituen eta Etxarriko plazan aritu nintzen. Orain bueltan nago, kasu honetan kultur etxean. 

Beraz, publiko ezagunaren aurrean egongo zara. 
Denetarik egongo da. Aurretik ikusi nauen publikoak beste zeozer desberdina ikusiko du, lehenengo aldiz agertokian ez dute Hodei Magoa ikusiko. Magia ikusi dute, baina gauza askoz gehiago ere. Berdina alderantziz. Norbaitek Tdiferenciaren antzezlan bat ikusi badu, Peter Punk edo Txanogorritxu Rock, oraingoan beste musikal oso desberdina ikusiko dute. 

Magian dena asmatuta dago, edo oraindik trukoak sortzen dituzue?
Denetarik. Trukoen gure bertsioa egiten dugu, existitzen direnak gure modura sortzen ditugu. Guk askotan ideia batzuk hartzen ditugu eta nire pertsonalitatera moldatzen ditugu. Truko batzuk Hodei Magoarekin ez dute bat egiten, oso serioak direlako. Batzuk sortzen ditugu ere. Originaltasuna oso garrantzitsua da. Beti zerbait desberdina ematen diegu. Magiaren munduan badago jokoak asmatzen dituen jendea eta ikuskizunak egiten dituztenak. Askotan bietan pertsona berdina dago, baina gehienetan bananduta daude. 

Zer da mago izateaz gehien gustatzen zaizuna?
Mago guztiek berdina esaten dute, baina egia da; eta mago ez den norbait 10 minutuz mago izateko aukera izango balitz, berdina esango luke: jendearen ilusio aurpegia. Ez bakarrik haurrenak. Gure ikuskizuna familiartekoak dira, eta helduek oso ongi pasatzen dute. Helduak haur aurpegia jartzen dutela ikusten duzu. Magia kontrolpetik ihes egiten die, ez dute ulertzen aurrena dutena. Eta hori da politena. Gainera, txikitan nahi nuen horretan lan egitea ere aparteko motibazio bat da. Niretako hori da bizitzaren sekretua. 

Niko zure lehenengo aktore lana da, baina etorkizunean interpretazioarekin jarraitzen pentsatu duzu?
Zergatik ez? Niri magia gustatzen zait. Mago bezala magia egiten sentitzen naiz eroso. Baina proiektu berriak etortzen badira eta bi aldeak uztartzen badira, niretako bikaina. Oso dibertigarria da eta, gainera, noizean behin nire pertsonaiatik atera eta beste gauza bat egin aberasgarria da. Ateak ez ditut ixten. Hemen gaude, eta prest.