Aurten Etxarri Aranatzek hartuko du Sakanako Mankomunitateak, hainbat babesleren laguntzarekin antolatutako XIX. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia. Urriaren 26an jokatuko da 7,7 km izanen dituen lasterketa, 18:00etan, baina 17:00etatik aurrera kategoria txikikoen lasterketak abiatuko dira. Sakanako Mankomunitateak lasterketan izena ematea zabaldu du, www.herrikrosa.eus web gunean. Urriaren 13ra arte izena ematen dutenek 6 euro ordainduko dituzte eta urriaren 13tik 25era arte izena ematen dutenek, aldiz, 8 euro. Kategoria txikikoek, gazteek eta kadeteek ez dute ordaindu behar izango, baina bai, ordea, izena eman.
Sakanako Herri Lasterketa jokatzeaz gain, 17:45ean Errefuxiatuen Aldeko Oinezko Martxa izanen da; lasterketarako prestatu den zirkuituari buelta bat emango zaio, oinez. Martxan parte hartzen dutenen artean bi pertsonendako bazkari edo afaria zozketatuko da.