Etxarri Aranazko ferietako berritasunak gastronomiarekin lotura du: III. Nafar Tortillaren lehiaketa jokatuko da igande eguerdian. Hartara kuadrillak, tabernak, jatetxeak eta nahi duen guztiak aurkezteko aukera du. Euren Nafar tortillak 12:15erako aurkeztu behar dituzte. Tortillaren erdia epaimahaiak dastatzeko izanen da eta beste erdia sariketa ondorengo dastaketa egiteko. Kukubat elkarteko Patxi Alaña eta Juan Ignazio Artsuaga eta Gorrotxategi familiako bat Etxarri Aranatzen izanen dira igandean. Aurrenak eman dizkigu azalpenak.
Kukubat elkartea zer da?
Euskal Herria kanpotarrei gastronomia edo paisaia hutsarekin erakusten zaiela ikusten genuen. Europako herririk zaharrena omen garenez, uste genuen, agian, beste gauzak azaldu beharko genituzkeela: gure historia, hizkuntza, euskararen jatorria… milaka misterio guk ere ikertzeko eta aztertzeko, eta horiek erakusteko. % 5 behintzat etortzen da hemen ikusi nahi duelako Europako beste lurraldeetan ikusten ez duena. Horretarako sortu zen. Ekimena zabaltzea kostatzen ari zaigu. Lan horretan Nafar Tortillaren ekimena atera zen.
Nolaz?
Jendeak patata tortilla Espainiatik zetorrela esaten zuen. Extremaduran halako monumentu bat daukate. Hangoa aurreneko aipamentzat zeukaten, baina patata-ogia da. Bizkaian pentsatu izan da beti Zumalakarregi Bilbo askatzera joan zenean asmatu zela. Zorionez istorioa argitu da. Nafarroan duela 202 urteko aipamena daukagu, Bilboko askapen ekimena baino lehenagokoa. Horrek esan nahi du Karlistadetan patata tortilla Nafarroatik mendebaldera, Bizkaira, heldu zela. Polita izan da legenda hori argitzea. Legendek egia den zati bat dute, eta ez den beste zati bat.
Zein dira nafar tortillaren oinarriak?
Aurreneko aipamena izan zen 1817an. Garai hartan ez zegoen Arartekoaren figurarik, baina edozein herritarrak bazuen aukera Nafarroako Gorteei edozein eskaera, iruzkin, proposamen, ohar edo edozein idazki bidaltzeko. Ate azpitik sartzen zituzten. Baserritar askok, eskaera zabala izan zen, janari esportatzaile izatea eskatu zuten. Uzta handia zegoenean Nafarroatik ezin zen atera ez janaririk ez edaririk. Gorteei eskatu zioten Nafarroako errege-ordeari zuzendu eta Madrilen eska zezala esportatzeko aukera izatea. Prezio baten barruan, ez zuten espekulatu nahi, ezta prezioak lurreraino jaistea ere. Hori justifikatzeko ipini zuten nola jaten zuten nafarrek duela 202 urte. Haiek argi ipini zuten: hiru arrautzekin sei lagunendako patata tortilla egiten zuten, arrautzak, patatak, otapurrak eta beste zenbait osagai. Pentsatu behar dugu garai hartan, edozein baserri arruntetan, egon zitezkeen edozein osagai. Ez du balio osagai bitxirik, garestirik, gaur egun ekartzen direnak kanpotik. Izan behar dira osagai normalak. Eta, jakina, garrantzitsuena, ogi-apurrak. Garai batean ogia ez zen zaborretara botatzen, gaur egun ikusten dugun moduan. Aiton-amonek ikusiko balute, benetan harrituko lirateke gure janariaren sinboloa den ogia nola botatzen den. Garai hartan ogi lehorra saltsak egiteko baliatzen zen, gauza askotarako. Nafarroan patata-tortilla egiteko erabiltzen zuten. Egia esan oso osagai ona da.
Zergatik?
Tortilla egiteko denbora erdia kostatzen zaizu. Patata kopuru erdia eta beste erdia otapurrak behar dituzu. Ogi-apur bustiak. Aurreneko lehiaketa irabazi zuenak esnetan busti zituen otapurrak. Baina ardotan, edo beste zerbaitetan ere, ongi. Xamur gelditzen da. Egin eta bi ordutara batzuetan ez da hain lehor gelditzen. Azkarrago egiten duzu tortilla. Ogi lehorra aprobetxatu behar da. Nik uste dut interesgarria dela, egunerokorako ere.
Otapurrak esaten duzunean, berdin da azala edo mamia?
Ogia.
Lehiaketan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, ezta?
Bai, parte-hartzaileek mahaia behar duten edo ez jakiteko. Gainontzeko tresneria parte-hartzaileek jarri behar dute. Arabako patata poltsa bana eta Larraz markako dozena bat arrautza jasoko dituzte parte-hartzaileek. 40 bat parte-hartzaileendako badaude. Baina gainerako osagaiak euren kontu izanen dira. Ez da ezer ordaindu behar. Animatzen direnak info@kukubat.eus e-postaren bidez egin dezake izen ematea, gaur 24:00ak arte.
Nafar tortillak plazan prestatu behar dira edo etxetik eginak eraman daitezke?
Edozein modutan. Eraman daiteke patata etxetik frijituta eta han buelta eta buelta ematea. Edo etxetik egina eraman. Garrantzitsuena da nafar tortilla 12:15ean aurkeztea, bero. 13:00ak baino lehen erabakia hartu eta sariak emanen dira: aurrenekoari 100 euro, bigarrenari 75 euro eta hirugarrenari 50 euro.
Zein izanen dira epaileak?
Bi etxarriar eta guk eramandako aditua. Bospasei irizpide badaude nafar tortillak baloratzeko.