Pilota

Joanes Bakaikoa: “Badakit zaila dudala, baina irabaztera aterako naiz”

Maider Betelu Ganboa 2019ko urr. 4a, 11:17

Asteburuan hasiko da Lau T’erdiko 1. mailako Txapelketa. Joanes Bakaikoak maila nagusian debutatuko du. Etxean jokatuko du partida, larunbatean, ferietan murgilduta egonen den Etxarri Aranazko pilotalekuan. Final-zortzirenetan, Erik Jaka izango du aurkari aurrelari etxarriarrak. Txapelketan lan ona egiteko irrikaz dago Bakaikoa, herrian jokatzeagatik pozez gainezka. 

Entrenamendu bidean topatu zaitugu…
Gaur (asteartean) azken entrenamendu fuertea egingo dut Etxarri Aranazko frontoian, bihar (asteazkena) pilotak aukeratu, zehozer entrenatu eta larunbaterako prest. 

Iaz 2. mailako Lau T'erdia irabazi zenuen eta horri esker aurten lehenengo mailako txapelketan ariko zara. Lehen maila beste koska bat da, edo ez dago horrenbesteko alderik 2. mailarekin? Azken finean guztiak profesionalak zarete…
Bigarren mailako txapelketa irabaztea zaila da, baina lehenengo maila beste mundu bat dela esaten denean ez da gezurra. Asko nabaritzen da aldea. Lehenengo mailako pilotariak abiadura handia ematen diote pilotari, desberdin egiten da, erritmoa biziago izaten da. Zailagoa da lehendabiziko maila. 

Final-zortzirenetan sartuko zara lehian, jaioterrian, Etxarriko ferietan; hau luxua...
Bai, egia esan pozik nago. Etxarrin jarri didate partida. Feriak dira, jendea gustura egongo da, jende asko joango da frontoira eta animu faltarik ez dut izanen. Gero beste kontu bat da partida nola ateratzen den. Partida zaila izango da, baina aldi berean polita. Eriken kontra zaila izango dut, pilotari oso ona delako. Baina partida garrantzitsua da, irabaziz gero final laurdenetarako ligaxkara sailkatuko naizelako eta hor hiru partida jokatzeko lasaitasuna izango nukeelako. Eta galduz gero, etxera. Ikusiko da. 

Erik Jaka ez da nolanahiko arerioa. Nola ikusten duzu larunbateko partida?
Partida gogorra. Dena den, lehen mailan edozeinen kontra tokatuta ere, partida gogorra izanen litzateke, eta Eriken kontra beste hainbeste. Oso erasokor jokatzen du, oso agresibo, eta irabazi nahi badut partida osoan zehar zentratuta egon beharko dut. Saiatuko naiz. Nik nirea eginez gero, badakit irabazteko aukerak izango ditudala eta ni irabaztera aterako naiz. 

Nola egin ahal diozu minik gehiena?
Partida hasieratik sentsazio onak izaten saiatuko naiz; eta pilotari abiadura ematen eta bereziki nik iniziatiba hartzen. Ni izatea erasotzen duena eta ez bera. Bera defentsara eramaten saiatuko naiz. Bera erasokorra da, erasoan oso ona, eta akaso bere ahuldadeetako bat defentsa litzateke. Gehiago kostatzen zaio. Saiatuko naiz ni erasora jokatzen defentsara baino. 

Etxarriko frontoia nolakoa da?
Herrian jokatzea oso polita da, jendea zure alde egoten delako. Frontoiak estraño batzuk egiten ditu noizbehinka eta zorua ez da beste frontoi batzuk bezain noblea, baina, azkenean, herrietako frontoi gehienak bezalakoa da; ez da frontoi txarra, baina bientzat berdin izango da eta alde horretatik ez dago inolako aitzakiarik. 

Irabaziz gero, zure multzoan Altuna III.a eta Urrutikoetxea izango zenituzke zain final-laurdenetako ligaxkarako. Eta haiekin batera Irribarria edo Victor, asteburu honetako beste final-zortzireneko partidan gailentzen dena. Final-laurdenetarako sailkatzea handia litzateke, ezta?
Bai, eta talde oso ederra tokatuko litzaidake. Baina helburua ez da orain horretan pentsatzea. Ni saiatu behar naiz larunbatean ahalik eta partidarik onena egiten. Zaila daukat, baina irabaztera aterako naiz. Irabaziko banu talde horretan sartzeak ilusio handia emango lidateke eta saiatuko nintzateke euren kontra gogor jokatzen, gerra ematen. Baina pausuz-pausu joan beharra dago eta lehen partida honetan topera aritzen saiatuko naiz. 

Lau T'erdia prestatzeko nahikoa tarterik izan duzu? Edo udako torneo eta partidekin ez duzu astirik izan?
Denok antzeko gabiltza, partida dezenterekin. Buruz Burukoa prestatzeko tarte gehiago izaten da Lau t'erdia prestatzeko baino, udako partidak direla eta, baina entrenamendu batzuk egin ditut, gustura sentitu naiz entrenatzen eta alde horretatik gustura. Orain sentsazio onak ditut; bolada onak eta ez hain onak izan ditut azkenaldian, baina orain ez dut arazorik, eskuak ongi ditut eta partida egunean ahalik eta hobekien egoten saiatuko naiz. Garrantzitsuena partida eguna izaten da. Pixka bat urdurituko naiz, baina normalean hori ez da nire arazoa izaten; gehiago izaten da egun txarra izatea jokoan edo gauzak ongi ez ateratzea, baina urduritasunak ez dit kalterako eragiten. 

Lagunak, familiakoak eta gertukoak Etxarriko partidara joango dira.
Bai, eta oso pozik daude. Jendeak gustura hartu du partida Etxarrin jokatzea; jendearendako oso polita da etxe ondoan halako partida garrantzitsua jokatzea. Ni saiatuko naiz nirea ematen. Azkeneko entrenamendua bihar egingo dut, partida aukeraketan (asteazkena). 

Aurtengo Etxarriko feriak borobilagoak izango lirateke zuk irabazita…
Ea hala den, saiatuko naiz. Polita litzateke!

 

Etxarri Aranazko pilota jaialdia
Larunbatean, 17:00etan, Euskalerriari pilotalekuan
Neskak: Udane Bergara-Irati Igoa / Eider Salbide-Leire Oskoz
Mutilak: Arretxe II.a-Ezkiroz / Agirre-Erasun
Lau T’erdiko Txapelketa: Jaka / Bakaikoa

*Sarrerak: aurretik 15 euro, Etxarriko Udaletxean, eta lehiatilan 20 euro.