Pilota

Lau t’erdia: Erik Jaka Joanes Bakaikoaren gainetik pasa zen

Guaixe 2019ko urr. 7a, 13:50

Gipuzkoarrak 6 tantotan utzi zuen etxarriarra

Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekua leporaino beteta zegoen larunbatean herriko pilotariaren lehen mailako lau t’erdiko debuta jarraitzeko. Izan ere, Joanes Bakaikoak, iazko 2. mailako lau t’erdiko txapeldunak, lehen mailako lau t’erdian debutatzen zuen. Feriak ziren, giroa bikaina zen, eta Bakaikoa gorenera eraman nahi zuten zaleek. Baina ezinezkoa izan zen. 

Erik Jaka zen faboritoa, eta Lizartzakoak ez zuen huts egin. Hasieratik aurrea hartu zuen, eta bide azkarretik, gainera, sakearekin mina eginez. Gipuzkoarrak ez zuen etxarriarrarekin inolako gupidarik izan eta 12ra joan zen zuzenean. Etxarriarra, aldiz, ezinean. Buruarekin ezetz eta ezetz, keinu hori egiten zuen Joanesek etengabe. Horrela, Erik Jakak kaiolan bikain moldatzen dela erakutsi zuen beste behin, Bakaikoaren gainetik pasa zen eta garaipen sendoa lortu zuen, 22 eta 6. Sakez 7 tanto egin zituen Lizartzakoak. 

Partida bukaeran Bakaikoak onartu zuen ez zela bere eguna izan eta Erik Jakak merezita irabazi ziola, bere gainetik pasa zela.

Lau T’erdiko Txapelketako A multzoan Erik Jakak egin du aurrera eta Jokin Altuna, Victor Esteban eta Mikel Urrutikoetxearen ordezkoa izanen ditu zain zain final-laurdenetako ligaxkan.  Urrutikoetxea ez denez bere lesiotik osatu, txapelketan aritzeari uko egin dio eta eta final-zortzirenetako galtzaile onena izango da bere tokia hartuko duena. Gaur erabakiko da nor izango den, Tolosako jaialdian bi partida jokatuko direlako: Iñaki Artolak Peio Etxeberria izango du aurkari, eta Danel Elezkanok Unai Laso. 

Ezkurdia igandean Bengoetxearen kontra
Asteburuan sartuko da lehian Joseba Ezkurdia, Lau T’erdiko Txapelketako B multzoko final-laurdenetako ligaxkan. Oinatz Bengoetxea izango du aurkari igandean, 17:00etan Lekunberrin hasiko den jaialdian (ETB1).