Zizak eta landareak naturatik plazara

Guaixe 2019ko urr. 12a, 11:07
Plazak erakusketa mikologikoa eta botanikoa hartuko ditu.

Igandean, 10:00etatik 18:00etara, plazan, mikologia eta botanika erakusketa izanen da. Lau tabernetan zizaz egindako pintxoak emanen dituzte etzi.

Beti jakin-mina eta zeresana sortzen duen erakusketa da Etxarri Aranatzen urtero antolatzen den ziza eta landare erakusketa. Eta aurten ere hala izanen da. Plazan jarriko diren mahaien gainean herriko larre eta basoetan jasotakoak erakusgai izanen dira. Batzuen eta besteen balioak eta erabilerak zein diren elkarri azalduz, edo adituei entzunez pasako dute erakusketa bisitatzen dutenek. 

Erakusketako langintza bere gain hartu dute beste behin Hartzabal elkarteak eta Etxarri Aranazko mikologia taldeak. Haiekin batera Larrañeta elkartean mikologia ikastaroan parte hartu dutenak ere izanen dira. Bihar goizean joanen dira erakutsiko dutena jasotzera eta arratsaldean bildutakoa sailkatuko dute, iganderako dena prest uzteko, izen zientifikoa eta euskarazkoa ondoan dutela.