Futbola

Etxarri Aranatz, IMQ Kopatik kanpo

Guaixe 2019ko urr. 14a, 12:15

Multzokako Ligaxkako hirugarren jardunaldian 5 eta 3 galdu zuen San Jorgeren kontra

Asteburuan ez zen Preferente Mailako jardunaldirik jokatu. IMQ Kopako hasierako multzokako ligaxkako 3. eta azken jardunaldia jokatu zen. San Jorgeren kontra jokatu zuen Etxarri Aranatzek, eta Iruñetik ez zuten berri onik ekarri, San Jorgek 5 eta 3 hartu baitzuen mendean Etxarri. 

Etxarrikoak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, Alberdik sartutako golari esker. Atsedenaldia baino lehen San Jorgek berdintzea lortu zuen, baina 2. zatia hasi bezain pronto Montoyak atzera ere Etxarri aurreratu zuen. San Jorgek ongi erantzun zuen, bi minututan bi gol sartu baitzituzten, 3 eta 2 aurreratuz. Ondoren, beste bi gol sartu zituzten iruindarrek, eta azken minutuan Goikoetxeak Etxarriren hirugarrena sartu zuen. Horrela, 5 eta 3 irabazi zuen San Jorgek. 

Etxarri Aranatz IMQ Kopatik kanpo geratu da, multzokako hasierako ligaxkan bere multzoan, 8. multzoan, laugarrena sailkatu delako (puntu 1). Hortaz, Etxarri ez da final-zortzirenetara sailkatu. 

Asteburuan liga itzuliko da
Asteburuan Preferente mailako ligako 5. jardunaldia jokatuko da. Lagun Arteak Doneztebe hartuko du Zelai Berrin, eta Etxarri Aranatzek Itaroa Huarte B taldearen kontra jokatuko du San Donato zelaian. Erregional mailan ere 5. jardunaldia dago jokoan eta Altsasuk Leitzako Aurrera taldea hartuko du Dantzalekun.