Guaixeren hemeroteka liburutegian kontsultatu daiteke

Guaixe 2019ko urr. 17a, 15:19

Hemeroteka ibiltaria liburutegian bi astez dago ikusgai.

Hilaren 25era arte, astegunetan, Guaixe hilabetekariko eta Oixe astekariko ale zaharra begiratzen arratsalde pasa ederrak egin daitezke.

Guaixek abenduan 25 urte beteko dituela eta bere hemeroteka sakandarren esku uztea erabaki du. Horretarako, hemeroteka liburutegiz liburutegi ari da ibarrean barnako bidaia egiten. Dagoeneko Urdiaindik, Ziordiaik, Altsasutik. Arbizutik, Iruñetik eta Irurtzundik pasa da eta hurrengo bi asteetan Victoriano Huizi udal liburutegian izanen da. Handik pasatzen direnak propio prestatutako stand bat opatuko dute bere, aulki, mahai, photocall eta hemeroteka berarekin. Guaixe hilabetekariaren (1994 eta 2002 urteak) eta Oixe astekariaren (2001 eta 2003 urteak) ale guztiak ikusteko aukera izanen da. Haien bidez garai bateko kontuak gogoratzeko, edo ezagutzeko, aukera izanen da. 

Guaixe fundaziotik hemeroteka kontsultatzen dutenei bi gonbidapen egiten dizkiegu. Batetik, nork bere burua paperean ezagutuz gero, zenbaki horren kopia admin@guaixe.eus e-postan eskatzea, doan emanen baitiogu. Trukean fundazioak eskatzen duen bakarra da jasotako alearekin argazkia egitea eta sare sozialetan partekatzea #batzengaituena edota #Guaixe25 traolak erabilita. Standarekin batera photocall-erako markoa dago. Standean eserita, harekin argazkiak egin eta aipatu traolekin partekatzeko aukera dago. 

Egutegia
Etxarri Aranazko liburutegia
Lastailaren 14tik 25era

Olatzagutiako liburutegia
Lastailaren 28tik azaroaren 8ra